Gaur 148 urte Sabino Arana euskal nazionalismoaren aita jaio zen
1885eko urtarrilaren 26an Sabino Arana jaio zen. Euzko Alderdi Jeltzalea alderdi politikoa sortu zuen, egungo EAJ, eta harena da esaldi ospetsu hau: «Euzkotarren aberria Euzkadi da».
Gaur 148 urte euskal nazionalismoaren ideologia marraztu zuen kazetaria, idazlea, historialaria, euskalaria, ideologia eta politikaria jaio zen, hain justu, 1885eko urtarrilaren 26an. Sabino Arana izena zuen, eta bere bizitza bi munduen artean igaro zuen: bata, Bilbon, gizarte hiritarra, eta industria iraultzaren bueltakoa; eta bestea, Gernikan eta Sukarrietan, herritarra, tradizionala, eta foruak ardatz zituena.
Euskal abertzaletasunaren aitatzat har daiteke, garai haietan burujabetza partekatuaren ideia zelako nagusi, eta Aranak jakin izan zuelako euskaldunen herri izatearen kontzientzia pizten «Euzkotarren aberria Euzkadi da» esaldi famatuarekin.
1894ko uztailaren 14an Euzkeldun Batzokija elkartea ireki zuen, abertzaletasunaren ideia zabaltzeko helburuarekin. Urtebete geroago, alderdi politiko bat ere sortu zuen, Bizkai Buru Batzarra izenpean. Gerora, gainerako herrialdeetara hedatu zenean, Euzko Alderdi Jeltzalea izena hartu zuen.
Informaziorik ez da bilkura haietaz, Espainiako Gobernua euskal abertzaletasuna jazartzen hasi zelako, eta handik denbora gutxira, Arana zigortu zuten Bizkaitarra agerkariko artikulu batengatik, eta lehenengo aldiz espetxeratu zuten.
Azken urteotan zeresan handia eman dute Aranak bere garaian idatzitako zenbait adierazpen arrazistek. Gaur egungo betaurrekoetatik begiratuta, horrelakoak onartezinak direla ukaezina da, eta aldi berean, XIX. mendean halako pentsamenduak guztiz ohikoak zirela ere. Euskal abertzaletasunak aspaldi baztertu zuen bere oinarri ideologikoetatik arrazakeria.