GAUR8

Lur orotako gurpil-ohol jasangarri eta korroigaitzagoak diseinatu ditu MU-ko ikasle talde batek

Kortxoz eta kartoiz egindako lur orotako gurpil-ohola diseinatu eta fabrikatu dute Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologikoetako Ingeniaritzako Graduko ikasleek. Grosen probatu dituzte «ohikoak baino arinagoak, korroigaitzagoak eta jasangarriagoak» diren ‘mountainboard’ berriak.

Lur orotako gurpil-ohol berrien aurkezpena Grosen.
Lur orotako gurpil-ohol berrien aurkezpena Grosen. (Mondragon Unibertsitatea)

Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako (Green Manufacturing) Gradua ikasten ari diren hirugarren mailako ikasleek lur-orotako gurpil-ohola diseinatu eta fabrikatu dute.

Kortxoz eta kartoiz eginak, ohikoak baino «arinagoak, korroigaitzagoak eta jasangarriagoak» direla nabarmendu dute. Gaur bertan, Donostiako Gros auzoan aurkeztu eta probatu dituzte prototipoak.

Bi hilabete eman dituzte proiektua garatzeko, ezagutzak eskuratu eta praktikan jarriz. Esperientziak industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, azpimarratu du Mondragon Unibertsitatetak.

Ekimena ‘ekoMountainboard’ proiektuaren barruan dago, eta lau ikaslerainoko taldetan garatu dute Galarretako ekocampusean.

Diseinua, materialak, kalkuluak, simulazioak...

Proiektua garatzeko prozesuaz, lehen urratsa «hiri-ingurunera egokitutako diseinu kontzeptualak» egitea izan zela zehaztu dute. Ondoren, materialik egokienak aztertu zituzten. Astigar, urki, zedro eta lizar zurak izan ziren aukeratutako lehen materialak, duten malgutasunagatik, baina frabrikaziorako dituzten zailtasunak eta klima baldintzek iraunkortasuna muga dezaketela ikusita, material konposatu, arin eta korroigaitzen erabilera aztertu zutela azaldu dute.

«Kartoiz eta kortxoz egindako eta zuntzez –liho, beira eta/edo karbono zuntzez, hain zuzen– estalitako ohola aukeratu zuten». Horren ondoan, simulazio ereduak ere egin behar izan dituzte ordenagailuz, materialak aukeratzeko, zenbat geruza jarri jakiteko...

Egitasmoak, ikasleek eurek nabarmendu dutenez, hainbat irakaspen utzi ditu, eta praktika on bat bilakatu da ohartzeko, adibidez, kalkuluetan edo diseinuan akatsen bat eginez gero pikutara joan daitekeela egunetako lana, Asier Arostegi proiektuan parte hartu duen ikasleetako batek adierazi duenez.

Gurpil-oholak edo ‘mountainboard’-ak ez dira Galarretako ekocampusean garatutako prototipo bakarrak. Kartoizko barrualdea duen surf-ohola edo haize-sorgailu eramangarri txiki baten eraikuntza eta industria prozesuetan sortutako beroa berreskuratzea izan dira beste egitasmo batzuetako protagonistak, «etorkizun hobea irudikatzea eta eraikitzea» helburu duen prestakuntza baten barruan, Nuria Herrero Graduko koordinatzaileak azpimarratu duenez.