GAUR8
Gaur X urte

Gaur 54 urte zabaltza batetik agurtu zen betirako The Beatles taldea

1967ko urtarrilaren 30ean, Apple Cors enpresaren zabaltzara igo ziren sorpresaz Paul McCartney, John Lennon, George Harrison eta Ringo Starr. Hura izan zen talde mitikoaren azkenengo emanaldia.

The Beatles taldearen azkenengo kontzertua, Londresen.
The Beatles taldearen azkenengo kontzertua, Londresen. (NAIZ)

San Frantziskon (AEBak) 1966ko abuztuaren 29an, azken kontzertu ofiziala eman ondoren, eta The Beatles taldeko kideek birak egiteari uztea erabaki zutela, gaur 54 urte, 1969ko urtarrilaren 30eko eguerdian, taldeak sortu zuen Apple Cors enpresak Londresen zuen eraikinaren zabaltzara igo ziren Paul McCartney, John Lennon, George Harrison eta Ringo Starr. Hura izan zen musika-taldearen azken emanaldia, iragarri gabekoa, gainera. Londresko Poliziak emanaldia geldiarazi zuen, taldea bigarrenez “Get back” abesten ari zen bitartean.

The Beatles talde mitikoaren azken kontzertuak 42 minutu iraun zituen. Guztira, bost kantu jo zituzten, batzuk hainbat bider –“Don’t let me down” (birritan), “I’ve got a feeling” (birritan), “One after 909” (behin) eta “Dig a pony” (behin), momentua dokumental bat eta album bat grabatzeko aprobetxatu nahi baitzuten. Hurrengo urtean argitaratu zen “Let it Be” albumaren edizioan sartu ziren “Ive got a feeling”, “One after 909” eta “Dig a pony” kantuak.

Iragarri gabeko show bat izan zen arren, “Get Back” izeneko albuma aurkezteko kontzertu bat ematea pentsatu zuten taldekideek; azkenean, baina, ez zen albuma argitaratu.

Ezagun egin ziren John Lennonek kontzertuaren bukaeran ikusleei zuzendu zizkien hitzak: «Taldearen izenean eskerrak eman nahi dizkizuet eta entzunaldia pasatu dugula espero dut».