GAUR8

«Bizitzaren Horma», hutsuneari eta bakardadeari buruzko hausnarketak Nafarroako Parlamentuan

Zuria eguneko zentroa eta Oteiza Museoko Hezkuntza Estetikoko zerbitzuaren artean ezarritako lankidetzaren baitan, errehabilitazio-prozesuan dauden hamabi pazientek garatutako obrak eta materialak biltzen ditu erakusketak.

«Bizitzaren Horma» erakusketako artelan bat.
«Bizitzaren Horma» erakusketako artelan bat. (OTEIZA MUSEOA)

Nafarroako Parlamentuan dago ikusgai urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra "Bizitzaren Horma. Hutsuneari eta bakardadeari buruzko hausnarketak" erakusketa. Zuria eguneko zentroa eta Oteiza Museoko Hezkuntza Estetikoko zerbitzuaren artean ezarritako lankidetzaren baitan, errehabilitazio-prozesuan dauden zentroko hamabi pazientek garatutako obrak eta materialak biltzen ditu.

Ospitalean bertan egindako sei lan-saiotan sortutako kutxa huts formako hamabi pieza, parte-hartzaile bakoitza irudikatzen duten buztinezko hamabi eskultura txiki eta Villar Lopez argazkilariak tailerretako lan-prozesuan egindako 30 argazki erakusten ditu erakusketak.

Lan hau guztia 2022an egindako tailer pedagogikoaren emaitza da. Errehabilitazio-prozesuan dauden Zuria eguneko zentroko dozena bat pazientek hartu zuten parte tailer horretan, 25 eta 60 urte bitartekoak.

Proiektua "Artea gizarte-tresna gisa" izeneko programaren barruan kokatzen da. Oteiza Museoak sustatzen du programa, eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboak hartzen ditu bere baitan, praktika artistikoaren bidez integrazio-proiektuak garatzen direlarik.

Oiza Oteiza Huarte proiektua

Bestalde, martxoaren 12ra arte Oiza Oteiza Huarte erakusketa bisitatu daiteke Oteiza Museoan.

Francisco Javier Saenz de Oizaren jardunbide arkitektonikoak beste sortzaile eta laguntzaile batzuekin izandako topaketen eta elkarlanen eragina izan zuen. Izan ere, artistaren proiekturik garrantzitsuenetako batzuek lankidetza-alderdi esanguratsu bat hartu zuten horri esker.

Oiza Oteiza Huarte proiektuan, Saenz de Oizak 1950 eta 1992 artean Jorge Oteiza eskultorearekin lankidetzan eta, beste batzuetan, Juan Huarte sustatzaile eta eraikitzailearen laguntzarekin egindako bederatzi proiektu aztertzen dira.
 
Jorge Oteiza Fundazio Museoak, proiektu horren bidez, bi funtzio betetzen ditu: batetik, Marisa Saenz Guerra, Javier Saenz Guerra eta Vicente Saenz Guerra komisarioen gidaritzapeko erakusketa-proiektu hori hartzen du berean (2022ko azaroaren 8tik 2023ko martxoaren 12ra). Bestetik, azterketa-kasu aipagarrienetako bat da, hala duen garrantzi artistiko eta arkitektonikoagatik nola proiektuaren barruan hiru eragile egituratzaile biltzen dituelako.
 
Erakusketa-proiektua museoaren gune nagusiko esku-hartze bat izango da eta, beraz, museoko areto nagusian ezarriko da proiektu horietan zeharreko ibilbidea, eraikinaren 2. solairuan HISA Aretoari eskainitako espazioarekin osatuta.

Guztira, 104 elementuk osatzen dute erakusketa; horien artean, nabarmentzekoak dira proiektuen jatorrizko krokisak eta marrazkiak, asko argitaratu gabeak, bai eta planoak, maketak, argazkiak eta bitarteko dokumentalak ere. Horiek guztiek proiektuetan zeharreko ibilbide bat osatzen dute, zeinak aukera ematen duen lan bakoitzaren azken zehaztapen formala ikusteko, baina baita aurretiko hurbilketak eta azterlanak behatzeko ere, arkitektoaren ideia-sorkuntzaren agertoki diren aldetik.

Material horietako gehienak Saenz de Oizaren bildumatik datoz, eta bilduma partikularren lagapen batzuekin osatu dira.