GAUR8

Patxi Juaristik irabazi du Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren III. edizioa

Patxi Juaristi azpeitiarraren lana izan da Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren sariduna. Egileak azaldu duenez, estilo klasikotik pixka bat aldendu da, irudien atzean dagoen lana biluzteko asmoz.

Patxi Juaristi Azkue, saritutako lanarekin.
Patxi Juaristi Azkue, saritutako lanarekin. (Fernando GOMEZ | UPV/EHU)

Patxi Juaristi Azkue azpetiarra da Plentziako Itsas Estazioak eta UPV/EHUk antolatzen duten Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren III. edizioko irabazlea.

UPV/EHUn Ingeniaritza industrialeko ikasketak burutu ostean, hamar urtez jardun du lanean Azkuek Donostian eta Bilbon, pasa den udaberrian Ilustrazio Zientifiko berezko masterraren berri izan arte. Lanean eszendentzia eskatu zuen azpeitiarrak eta irailetik graduondoko ikasketak burutzen hasi zen.

Hortik lehiaketan parte hartzera jauzi egin, eta azken edizio honek gaitzat jarri duen ‘Itsaspeko fauna’ arloan garatu du irabazle suertatu den sormen proiektua.

«Ilustrazio zientifiko klasikotik pixka bat aldendu eta erabat bukatu gabeko marrazki bat aurkeztea erabaki nuen, honelako marrazki bat egiteko dagoen lana biluzteko asmoz», azaldu du ilustratzaileak.

Teknika mistoa

Lan saridun horretaz, gouache teknika erabili duela zehaztu du. «Bestalde, grafitoa erabili dut, gorpua marrazteko eta honela, irudia burutzeko lehenik garatu behar den bozetoa azalduz. Irudi nagusiaz aparte, beheko arrain multzoa, perfil irudia gauzatzeko eginiko bozetoz osatua dago. Ondoren edizio digitalaz baliatu naiz konposizioa osatu eta fondoa koloreztatzeko. Hots, teknika mixtoa erabili dut bukaerako irudia sortzeko», erantsi du Juaristik.

Lehiaketak ilustrazio zientifikoak dibulgazioan duen garrantzia aitortu eta azpimarratzen du, arte, zientzia eta komunikazio arloen arteko espazioan garatzen den funtsezko tresna gisa.