GAUR8
Gaur X urte

Bertolt Brecht jaio zela 125 urte

1898ko otsailaren 10ean jaio zen Bertolt Brecht antzerkigile eta olerkilari alemaniarra. Ideologia ezkertiarra zuen, eta kulturan ere ikuspegi horretatik egin zuen ekarpena.

Bertolt Brechten irudia.
Bertolt Brechten irudia. (Wikipedia)

Gaur 125 urte jaio zen gerora kulturgile eta pentsalari ospetsua izango zen Bertolt Brecht alemaniarra. Medikuntza ikasten hasi zen eta Lehen Mundu Gerra zela medio lanean hasi behar izan zuen, gerra amaitutakoan mugimendu ezkertiarrera geroz eta gehiago hurbiltzen hasi zen, azkenik bertako taldeetan parte hartuz.

Horregatik, nazien agerpenarekin erbestera joan behar izan zuen, bere ideologia komunista zela eta. Danimarka, Suedia eta Finlandia igarota, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zen. Eta bertan egin zituen hainbat urte. 1948an Alemaniara itzuli zen eta Ekialdeko Berlinen finkatu zen, ‘Ensemble’ antzerki taldea sortu eta zuzendu zuen garai horretan Berlinen. 1954ean Sobietar Batasunaren eskutik ‘Bakearen Lenin Saria’ jaso zuen, eta bi urte beranduago hil zen Berlineko ospitalean bertan, 1956an.

Pentsamendu komunistan ekarpen handia egin zuen Brechtek, baina marxismoarekiko zeukan erakarpenaren arrazoi nagusia ez zen ekonomia politikoaren teoria eta proletalgoaren historia ere, baizik eta marxismoak metodo kognitibo gisa zeukan boterea. Hau da, metodo eta ideologia marxistak nola balio zuen baldintza sozialak prozesu gisa ulertzeko, eta baldintza sozial horietan kontraesanak egoteak sortzen zion erakargarritasuna. Pentsamendua eta artea lotzea izaten zen bere helburu nagusienetakoa.

Bere lanetan, publikoaren inplikazioa bilatu ohi zuen. Komedia da bere antzerkien ezaugarri nabarmenetako bat. Ikuslearengan irribarrea sortu eta hausnarketa sozialarekin uztartzea izaten zen bere xedea, eta hala ikusi daiteke bere lan gehientsuenetan. Horren adibide da 1932an komunismoa eta zinema uztartzeko sortu zuen difusio proiektua, ‘Zeinena da mundua?’.