GAUR8
Gaur X urte

M11, sarraski jihadista eta gezur eta manipulazioaren ikur

2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuak Madrilgo Erkidegoko aldiriko trenen sareko lau trenetan egindako eraso terroristak izan ziren, intelektualki Al Qaedatik gertu zeuden terroristek egindakoak. 193 pertsona hil ziren eta bi mila inguru zauritu.

2004ko martxoaren 11n izandako atentatuak. (Pierre Philippe MARCOU/AFP PHOTO)
2004ko martxoaren 11n izandako atentatuak. (Pierre Philippe MARCOU/AFP PHOTO)

Gaur 19 urte izan ziren M11ko atentatuak Madrilen. 2004ko martxoaren 11ko 07.36 eta 07.40 artean, puntako orduan, hamar leherketa izan ziren ia aldi berean Madril Erkidegoko lau trenetan. 193 pertsona hil ziren eta bi mila inguru zauritu. Espainiar Estatuko lehen atentatu jihadista handia izan zen, baina 2001eko irailaren 11n Estatu Batuetan izandako atentatuak aurrekari izan ziren.

Atentatuen egileak Al Qaedarekin lotutako terroristak izan ziren, baina Jose Maria Aznar (PP) buru zuen Espainiako Gobernuak eta komunikabide batzuek manipulazio kanpaina arduragabeari hasiera eman zioten, sarraskia ETAri leporatzeko helburu bakarrarekin. CNIren txostenei kasurik egin gabe, Aznarrek berak eta Angel Acebes Barne ministroak behin eta berriz errepikatu zituzten gezur horiek.

Gezur haiek, orduak aurrera joan ahala desmuntatu egin zirenak, tentsioa piztu zuten, eta ondorio tragikoak eta konponezinak eragin zituzten. Izan ere, Martxoaren 13an, espainiar polizia batek eta bere semeak Angel Berrueta Iruñean hil zuten ETAri atentatuen erantzukizuna egozten zion kartel bat jartzeari uko egiteagatik. Hurrengo egunean, Berruetaren heriotza salatzeko manifestazio batean parte hartzen ari zela hil zen Kontxi Santxiz hernaniarra bere herrian bertan, poliziaren karga batean bihotzekoak eman eta gero.

Martxoaren 14an espainiar hauteskunde orokorrak izan ziren eta PSOE atera zen garaile.