Gaurko egunez duela 84 urte Francok bukatutzat eman zuen Espainiako Gerra Zibila
1939ko apirilaren 1an zabaldu zen Francok sinatutako Espainiako Gerra Zibilaren azken partea. Bukatutzat eman zuen 1936ko altxamenduarekin hasitako gerra eta 40 urte iraungo zituen diktadura hasi zen.
Duela 84 urte Francok bukatutzat eman zuen 1936an altxamendu militarrarekin hasi zuten gerra, Espainiako Gerra Zibilaren azken partean. Horrela, 40 urteko diktadura frankistari hasiera eman zion. Honakoa adierazi zuen diktadoreak irratiz zabaldutako testuan: «Gaurko egunez, Armada Gorria gatibu eta armagabetuta dagoelarik, tropa nazionalek bere azken helburu militarrak lortu dituzte. Gerra amaitu da».
Ordutik aurrera, frankistek ‘Garaipenaren Eguna’ ospatu zuten apirilaren 1ean, diktaduraren hasiera goraipatuz. Francok Espainiako Gerra Zibila gaurko egunez bukatutzat eman bazuen ere, apirilaren amaierara arte ‘makiak’ egon ziren Madrilen, baina armada erregularreko kide ez zirenez, agintari frankistek ez zituzten kontuan hartu, terrorista eta bidelapur bezala baizik. Testuan «helburu militarrez» ari da Franco, harentzako armadak zuen garrantzi politikoaren adierazgarri.
Partea irratiz emititu zuten gerrak iraun bitartean eta ondoren albistegi forma hartu bazuen ere, izena mantendu zuen diktadura osoan zehar. Irrati kate guztiek derrigorrez eman beharreko tartea zen, publikoak zein pribatuak. Azken parte hori Francok berak sinatutako bakarra izan zen eta gaueko 22.30etan irakurri zuen Fernando Fernández de Córdoba aktore eta irrati esatariak.