GAUR8
Gaur X urte

Hugo Chavezen gobernuaren aurkako estatu-kolpe saiakeratik 21 urte

21 urte betetzen dira gaur oposizioak Hugo Chavezen Gobernuaren aurkako estatu-kolpe saiakeratik. Presidentea bahitu eta Gobernutik kendu zuten 48 orduz, Pedro Carmona Fedecamaras patronalaren buruak ordezkatuta.

Pedro Carmona, Venezuelako presidente karguari zin egiten.
Pedro Carmona, Venezuelako presidente karguari zin egiten. (Wikimedia Commons)

2002ko apirilaren 11n Hugo Chavez orduan Venezuelako presidentearen oposizioak ibilaldi bat antolatu zuen Miraflores jauregiraino, Gobernuaren egoitzaraino. Chavez Gobernutik kentzea lortu zuten, Pedro Carmona patronalaren presidentea jarrita, apirilaren 12tik 14ra arte.

Aurretik protesta bat egin zuten, besteak beste Lurren Legea eta 49 lege gaitzaileak bertan behera uzteko eskatuz. Gainera, abenduan Fedecamaras enpresen federazioak deitutako eta Venezuelako Langileen Konfederazioak babestutako greba orokorrak eragin zuzena izan zuen.

Manifestazioaren ondoren Miraflores jauregira heldu zirenean Gobernuaren aldekoak inguruetan kontzentratuta zeuden, baita frankotiratzaileak, militarrak eta poliziak ere. Hogei bat hildako eta dozenaka zauritu egon ziren sortutako liskarren ondorioz.

Apirilaren 12ko goizaldean presidentea atxilotu zutenean telebista kate pribatuek dimisioa sinatu zuela zabaldu zuten, gaizki ikusten zen paper bat kamerara erakutsiz. Beranduago, Chavezen alaba Maria Gabrielak Radio Fe y Alegria irratian hitz egin zuen dekreturik ez zuela sinatu esanez. Gainera, Fidel Castrori jakinarazi zion bere aita bahituta zegoela. Honek CNN hedabideak Venezuelan estatu-kolpe bat iragartzen zuen adierazpen bat argitaratzea lortu zuen.

Egun horretan bertan Pedro Carmona ordura arte Fedecamarasen presidentea izan zenak zin egin zuen presidente bezala. Soilik AEBk eta Aznarren Gobernu espainolak aintzatetsi zuten Carmonaren Gobernua.

Miraflores jauregia Chavezen aldeko herritarrek setiatu zuten eta armadak ministro berri guztiak atxilotzeko esku hartu zuen eta Carmonak Kolonbiara ihes egin zuen. Ondoren, Hugo Chavez inkomunikaziotik atera zen herritarrei «lasaitasuna» eskatuz.