GAUR8

Eskozian zortzi asteko egonaldi artistikoa egiteko deialdia zabaldu dute

Eskozian zortzi asteko egonaldi artistikoa eskaintzen duen programarako deialdia zabaldu dute. Euskal Herri osoko artistei zuzenduta, maiatzaren 2ra arte bidali ahal dira proposamenak Tabakaleraren webgunearen bidez.

Proposamenak maiatzaren 2ra arte bidali ahal dira Tabakaleraren webgunearen bidez.
Proposamenak maiatzaren 2ra arte bidali ahal dira Tabakaleraren webgunearen bidez. (Imanol OTEGI | FOKU)

Hospitalfield, CCA Glasgow eta Tabakalera erakundeek Eskozian zortzi asteko egonaldia egiteko programa jarri dute abian, Etxepare Euskal Institutuarekin eta British Council-ekin batera. Artistei laguntzea eta haien mugikortasuna sustatzea da asmoa, baita artisten arteko kultura eta diziplina anitzeko trukea sustatzea ere.

Etxepare Euskal Institutuko iturriek jakinarazi dutenez, programaren helburu nagusia prozesu artistikoetako arlo kontzeptualean eta ekoizpen arloan laguntza eta asistentzia ematea da. Programaren bitartez, artista, eragile eta proiektu desberdinak elkarrekin garatzeko espazio bat sortu nahi da, artista egoiliarren eta gonbidatuen artean lankidetzak sustatzeko.

Eskozian testuinguru artistiko berriak aztertzeko eta jardun artistikoa garatu bitartean ibilbide artistikoa zabaldu nahi duten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan eta Euskal Hirigune Elkargoan jarduten duten artistei zuzendua dago deialdia. Maiatzaren 2ra arte bidali ahalko dira proposamenak Tabakaleraren webera, eta jasotako proposamen guztien artean proiektu bat aukeratuko da.

Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu eta espazioa, testuingurua eta denbora eskainiko dizkio artistari, proiektu artistiko bat gara dezan. Egonaldia 2023ko irailetik urrira egingo da eta bi zati izango ditu: aukeratutako artistak Hospitalfield-en igaroko du iraila, eta CCA Glasgow-n, urria.