NAIZ
Gaur X urte

Gaur 13 urte Edurne Pasaban Annapurnako gailurrera iritsi zen, bere hamahirugarren zortzimilakoa lortuta

2010ko apirilaren 17an alpinista tolosarrak urrats handia eman zuen hamalau zortzimilakoak egin dituen lehen emakumea bilakatzeko. Izan ere, Annapurnako (8.091 metro) tontorra Pasabanen hamahirugarren zortzimilakoa zen, eta hilabete geroago lortu zuen hamalaugarrena, Shisha Pangmara igota.

Edurne Pasaban 2010eko martxoaren 4an Loiuko aireportuan Himalaiara joan aurretik.
Edurne Pasaban 2010eko martxoaren 4an Loiuko aireportuan Himalaiara joan aurretik. (Luis JAUREGIALTZO)

«Bagenekien igoera luzea izango zela, baina pentsatzen genuena baino askoz ere luzeagoa izan da», hala deskribatu zuen Edurne Pasabanek (Tolosa, 1973) Annapurnako tontorrera egindako igoera, 2010ko apirilaren 17an. Gaur 13 urte beteko ditu balentria hark: tolosarraren hamahirugarren zortzimilakoa zen.

Egun horretan, bere helburu nagusira bidean urrats handia eman zuen. Izan ere, Pasabanen nahia zen hamalau zortzimilakoak lortzen zituen lehen emakumea izatea. Hilabete geroago, maiatzaren 17an, erdietsi zuen helburu hori hamalaugarren zortzimilakora igota, Shisja Pangmara (8.027 metro) hain zuzen ere. Hala, munduko hamalau zortzimilakoak egin zituen lehen emakumea izan zen.

Arrazoi logistikoak tarteko, gailurrera ailegatzeko behin betiko saiakera apirilaren 17an egin zuten, egun polita baitzen Pasabanentzat 14x8000 helburua lortzeko. Horrela, kanpamentu basetik, eguraldiaren hobekuntzaren zain denbora luzez egon ondoren, tolosarra buru zuen alpinista taldea apirilaren 14an abiatu zen Himalaiako mendigune horretara.

Azken aldapa gogorrak

Egun bakoitzean kanpamentu bat zuten helburu, eta hala joan ziren pixkanaka-pixkanaka, apirilaren 16an, gailurraren aurretik, azken kanpamentura iritsi ziren arte. Alpinista taldeak goizean goiz hasi zuen Annapurnako igoera, goizaldeko lauretan. Eguraldia lagun zuten.  

Annapurnako gailurrera eramango zituzten azken aldapa gogorrak gainditu ondoren, taldeko bost alpinistak eta lau xerpak txandakatzen joan ziren 7.000/8.000 metro arteko kotan bidea egiteko. Kontuan hartuta aurrez jada pilatuta zuten nekea, lan gogorra izan zen. Espedizioko kideek esan zuten izotz asko aurkitu zutela gailurrerako bidean eta kontu handiz ibili behar izan zutela ezer larririk gerta ez zedin. Hala, Annapurnak dituen 8.091 metroko tontorrera iristea lortu zuten.