Aitzol Aramaio: «Bixitxi marabilli re»
Aitzol Aramaio Bengoetxea hil zela 12 urte bete dira apirilaren 24 honetan. Zinemagilea zen eta, besteren artean, ‘Un poco de chocolate’ eta ‘Terminal’ filmak egin zituen. Ohean zendu zen, ustekabean, Ondarroa bere herrian, 40 urte eta oraindik egiteko asko zuela.
12 urte dira Aitzol Aramaio Bengoetxeari bihotza isildu zitzaiola. 40 urte besterik ez zituen eta ezustean gertatu zen. Gau batean ohera sartu zen Oroitz bikotekidearen eta Izar alabatxoaren ondoan, eta ez zen gehiago esnatu. Zinemagilea zen eta ibilbide ederra egiten ari zen. ‘Terminal’ (2003) film laburrarekin sari ugari jaso zuen ondarroarrak eta horrek aukera eman zion 2008an ‘Un poco de chocolate’ pelikula luzea grabatzeko.
Unai Elorriagaren ‘SPrako tranbia’ eleberrian oinarritua dago lana. Irakurri zuenean barru-barrura sartu zitzaion eta idazlearekin elkartu zenean umila eta sentibera ikusi zuen. Bat etorri zen munduaz zeukan begiradarekin eta horrek indarra eman zion proposamena egiteko.
«Unairen etxera joan nintzen, Algortara, eta berba eta berba egoten ginen. Errespetu handia nion beste baten obra erabiltzeari, eta nahi nuen arima eta tonua mantendu», azaldu zion GARAri.
Kepa Junkera, Mikel Urdangarin, Mikel Laboa eta Platero y tu musikarientzat ere bideoklipak egin zituen.
1971n Ondarroan jaioa, «benetan berezia» zela idatzi zuen Kirmen Uribe lagun minak Aramaiori buruz. «Lurrikara baten indarra zuen» eta maite zutenen bihotzei kosta zitzaien beren orbitara itzultzea. Ume irudimentsua izan zen, zinemazalea, liderra. Edozertarako konbentzitzeko abilezia zeukan. «Aitzol mutil alai-alaia zen, baina era berean oso sentitua. Biziki arduratzen zen inguruko jendeaz. Gorrotorik ez diot ezagutu, baina amorrua bai».
Hil eta hurrengo urtean, 2012an, Marabilli Sormen Festibala abiatu zuten herrian Aramaioren omenez. Izena bere esaldi ezagun batetik hartu zuten: «Bixitxi marabilli re».