GAUR8
Gaur X urte

Azkenengoz ikusi zuten bizirik Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’

Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’, Lizartzako 22 urteko gaztea, ETA pm-ko militantea, 1976ko apirilaren 26an ikusi zuten azken aldiz bizirik. Bi kiderekin eta mugalari batekin Sara eta Etxalar artean dagoen Lizaieta menditik muga pasatzera zihoala guardia zibilek tiro egin zieten.

Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ Lizartzako gaztea.
Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ Lizartzako gaztea. (TOLOSA OROIMENA)

1976ko apirilaren 25ean, Sara eta Etxalar artean dagoen Lizaieta mendian barna muga pasatzera zihoala desagertu zen Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ ETA pm-ko militantea. Borda eta Tala kideekin eta Iñaki Hernandez mugalariarekin bidea egiten ari zela, guardia zibilek arma luzeekin tirokatu zituzten. Mugalaria atxilotu egin zuten eta beste biek ihes egitea lortu zuten. Txirrita, aldiz, hilabete eta hiru egunera agertu zen, tiroketa gertatu zen tokitik kilometro batzuetara, hilik.

Aurretik aztertutako Etxalarko zelai batean agertu zen gorpua. Bertsio ofizialaren arabera, 22 urteko gazte lizartzarrak bere buruaz beste egin zuen. Hala ere, forentsearen txostenak bala-zulo bakarra erakutsi zuen hanka batean, eta hilabete lehenago hil zela ziurtatu zuen. Horrek pentsarazi dezake Txirrita atxilotuta zegoela hil zutela eta, ondoren, hilik aurkitu zuten lekuan utzi zutela gorpua.

2016an, hainbat jendek osatutako txosten batek argi pixka bat eman zion kasuari, egun hartako pasarte gehiago azalduz eta ikerketarako bide berri bat irekiz, egiaren bila. Ander Lizarraldek eta Iñaki Egañak egin zuten lana, Hernandez, Borda eta Talaren testigantzak jasoz.

Bidaola Lizartzako baserri batean jaio zen 1953ko urriaren 28an. Unea bizitzen zekien gazte alaia zen, politikan engaiatua. 14 urte zituela Tolosara bizitzera joan zen familia osoarekin. Pilotari fina zen, eta itzulingururik gabe hitz egiten zuen. Lanean, garaje batean, euskararen egoeraren berri izan zuen eta borrokalari sutsu bilakatu zen. Alaia, goxoa eta sentikorra zen, adarra jotzen zekien. Bertsotan ere ibiltzen zen, hortik ezizena.

Burgoseko epaiketaren ondotik, sendotu egin zen bere abertzaletasuna eta ETA pm-n sartu zen.