GAUR8
Gaur X urte

Tere Verdes Alava Sareko kide bizkaitarra jaio zen duela 126 urte

Delia Lauroba, Itziar Mugika eta Bittori Etxeberriarekin batera Alava Sareko zutabe izan zen Tere Verdes bilbotarra. 1937 eta 1940 bitartean, gerra eta frankismo betean, espioi gisa ibili ziren presoei laguntzen eta orduan erbestean zen Jaurlaritzari informazioa pasatzen. Pelikuletako bizitza izan zuten.

Alava Sareko lau zutabeak, Bittori Etxeberria baztandarra, Delia Lauroba eta Itziar Mugika donostiarrak eta Teresa Verdes bilbotarra.
Alava Sareko lau zutabeak, Bittori Etxeberria baztandarra, Delia Lauroba eta Itziar Mugika donostiarrak eta Teresa Verdes bilbotarra.

Inork ez zituen susmagarritzat hartzen, horregatik izan zen hain eraginkorra Tere Verdes, Bittori Etxeberria, Itziar Mugika eta Delia Laurobak sustengatutako Alava Sarea, 1937 eta 1940 bitartean espetxean ziren militanteen eta erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikazioan lagundu zuena. Erakusketak, dokumentalak eta liburuak egin dituzte azken urteetan, filmetako espioien istorioak gainditzen dituzten benetako bizitza horiek jaso eta ezagutarazteko.

Tere Verdes Elorriaga Bilboko Jardines kalean jaio zen 1907ko apirilaren 29an eta familiaren Verdes Atxirica liburu-denda eta inprimategian lan egin zuen gaztetatik, Posta kalean. EAJn eta Emakume Abertzale Batzan ibili zen, eta preso askoren heriotza zigorrak bertan behera uztea lortu zuen Alava Sarean.

Izenak Luis Alava Sautuari egiten dio ohore. Kide garrantzitsuetako bat izan zen eta fusilatu egin zuten horregatik 1943an. Lau emakumeek beren zeldetatik aditu zuten fusilaketa, preso zeuden Madrilgo Las Ventas espetxetik hurbil zegoen Almudenako hilerrian.

1940an, Alemaniako Gestapok Parisen zegoen Eusko Jaurlaritzaren egoitza okupatu, eta dokumentazio ugari hartu zuen, Alava Sarekoa barne. Segidan pasatu zion informazioa Francori eta 28 kide atxilotu eta 21 auzipetu zituzten, lau emakume hauek tartean. Hasieran heriotzara kondenatu zituzten, baina azkenean 1945ean askatu zituzten.

Teresa Verdesek ez zion inoiz militatzeari utzi. Beti egon zen laguntzeko prest eta abertzale izateaz harro. 1959ko martxoaren 16an zendu zen.