GAUR8
Gaur X urte

Ino Galparsoro Arrasateko alkatea espetxeratu zuen Garzonek

2008ko apirilaren 30ean, Baltasar Garzon epaileak kartzelara bidali zuen Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, «talde terroristarekin kolaboratzea» leporatuta. Hala amaitu zen bi hilabete lehenago ETAk Isaias Carrasco PSOEko zinegotzi ohia hil ondoren Galparsororen aurka abiatu zuten jazarpen kanpaina.

Ino Galparsoro, Arrasaten. PSEren mozio bat eztabaidatu zuten udalbatzan, alkatea dimititzera behartzeko, baina ez zen aurrera atera, EAJren babesa lortu zuelako soilik.
Ino Galparsoro, Arrasaten. PSEren mozio bat eztabaidatu zuten udalbatzan, alkatea dimititzera behartzeko, baina ez zen aurrera atera, EAJren babesa lortu zuelako soilik. (Jon URBE | FOKU)

Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Madrilgo Soto del Real espetxean preso sartu zuten duela 15 urte, apirilaren 30ean, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, EAE-ANV alderdikoa. Eta berehala bere askatasunaren alde makina bat ekimen eta mobilizazio antolatu zituzten Debagoienako udalerrian. ‘Ino Udaletxera’ ekimena aurkeztu zuten Galparsorok egon beharko lukeen tokian: udaletxeko areto nagusian.

1947an Beasainen jaiotako politikariaren kartzelatzea ulertzeko bi hilabete egin behar da atzera. Martxoaren 7an, ETAk Isaias Carrasco PSOEko zinegotzi ohia hil zuen atentatuan, eta horren ondotik jazarpen kanpaina bat hasi zuten Galparsororen aurka.

Arrasaten hasi, eta handik beste udal batzuetara zabaldu zen ‘mozio etikoa’ izan zen abiapuntua. EAJk eta PSEk aurkeztutako mozioan, besteak beste, gobernu karguetan dimisioa aurkezteko eskatzen zieten ETAren indarkeriaren gaitzespena adierazten ez zuten zinegotziei. Bi alderdiok bultzatutako testuak ez zuen aurrera egin, ordea, soilik bi alderdi horiek eman baitzioten aldeko botoa Arrasaten.

Sei egun geroago Galparsoro Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu zuten. Bezperan oraindik ez zekiten ondo zergatik zen deialdi hori, baina salatu zuten, mozioen bidez lortu ez zutena, «Garzonen bidez, Auzitegi Nazionalaren bidez», lortu nahi zutela.

Apirilaren 30 hartan Galparsoro goizean goiz sartu zen epaitegian eta eguna bertan pasa ostean, gauean, Garzon epaileak baldintzapeko kartzelatzea agindu zuen, «EAE-ANVren jarduerak eteteko agindua urratzea» eta «talde terroristarekin kolaboratzea» egotzita.

Erabaki horrek makina bat mobilizazio eragin zituen, besteak beste, Arrasaten egin zen greba orokorra.

Hiru hilabete espetxean pasa ostean, aske atera zen Galparsoro, 30.000 euroko fidantza ordainduta.