GAUR8
Gaur X urte

Auzitegi Gorenak Bilduk udal hauteskundeetarako aurkeztutako hautesle zerrendak bertan behera utzi zituen

Gaur 12 urte utzi zituen bertan behera Auzitegi Gorenak Bilduk udal hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendak. Mobilizazio eta errekurtsoen ondoren, azkenean legeztatuak izan ziren. 

Bilbon egindako mobilizazioa, Bilduren legez kanporatzea salatzeko
Bilbon egindako mobilizazioa, Bilduren legez kanporatzea salatzeko (Jon Hernaez | FOKU)

Hauteskunde zerrenden onarpen epaia emateko epea amaitu baino ordubete lehenago, gaur 12 urte jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Bildu maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetatik kanporatua izan zela. Bederatzi magistratuk bozkatu zuten bazterketaren alde, eta seik, aldiz, parte-hartzearen alde. Azken epaile batek zerrenda batzuk onartu eta beste batzuk atzera botatzea proposatu zuen.

Azken erabakia Konstituzio Auzitegiaren esku geratu zen, eta bi egun izan zituen Bilduk eskubideak urratzeagatik helegitea aurkezteko, eta Konstituzionalak erabaki bat hartu behar izan zuen hauteskunde kanpaina hasi baino lehen, gaueko 00:00etarako.

Maiatzaren 22an ziren hauteskundeak eta maiatzaren lehenean iragarri zuen Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuela koalizio subiranista. Aurrekari bat bazegoen, Sortu alderdiaren aurkako legez kanporatzearen prozesua lehenago gertatu baitzen.

Herri erantzun zabal eta indartsuarekin erantzun zieten auzitegiei euskal herritarrek. Epaia eman behar zuten egunerako mobilizazioa deitu zuten Bilbon, eta ebazpenaren zain zeuden bitartean Areatzan eserialdia egin zuten. Azken ordukoaren berri jakin zuten Martin Garitano oholtzara igo, eta oihukatu zuenean: «Gora Euskal Herria askatuta!»