Euskara sustatzeko proiektuen azoka egingo dute larunbatean Beran
Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, euskaren erabileran eta transmisioan eragiteko sortutako proiektuen plaza izango da Bera larunbatean. Azoka formatuan, herrira eramateko ideia sorta aurkituko dute eragileek bertan.
Euskararen erabileran eta transmisioan eragiteko sortutako egitasmo berriak ezagutu nahi dituzten eragileek aukera paregabea dute asteburu honetan, Beran, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, ‘Bidasoako proiektu azoka’ egingo baita Nafarroako udalerrian.
Hamabost egitasmo bilduko ditu edizio honek. Eremu ezberdinetako proiektuak dira baina ezaugarri komun batekin: «Euskara dute lehentasun eta emaitza edota eragin positiboa izaten ari dira beraien eragin eremuan».
Azokan ezagutu ahala izango diren proiektu horien artean, errealitate eta hutsune edota behar zehatzei erantzuteko sortutako egitasmoak daude eta, zehaztu dutenez, «esportagarriak eta moldagarriak izateko bokazioa» dute.
Hitzorduak eskaintzen duen informazioa nabarmendu dute, planteamendu berri horietara hurbiltzea baliagarria izan baitaiteke «bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko». «Inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango delakoan gaude», azpimarratu dute antolakuntzatik.
Proiektu berriak aztertzeaz gain, azokak euskararen sustapenean lan egiten duten eragileen arteko ezagutza bultzatu nahi du, «elkarrengana hurbildu eta elkar indartzeko gune bat» izan dadin.
Eremu ugariren inguruko lanak
Egitasmoek landuko dituzten eremuen inguruan aurreratu dute, besteak beste, nazioarteko hizkuntza gutxituen aktibisten saretzea eta Bortzirietako eskualdetze esperientzia edo herrigintza euskaratik ahalbideratzen duten proiektuak ezagutu ahal izango direla. Eremu digitala, aisialdia eta hezkuntza ere hainbat egitasmoren ardatz nagusiak dira.
Goizeko 11.30ean zabalduko da azoka, eta aurkezpen dinamikoekin eta musikarekin girotua izango dela zehaztu dute. Jan-edanerako aukera eta haurrentzako txokoa ere izango dira azokaren bisitarien esku. Baiona, Angelu, Ortzaize, Durango, Usurbil, Ondarroa, Erandio, Orereta edo Elgoibar daude, besteak beste, proiektuen jatorrien artean.