Gaur X urte

ETA herrian urtu zen, erakundearen azken agiriaren bidez

Gaur bost urte eman zion amaiera bere jardunari Euskadi Ta Askatasuna erakundeak. Adierazpen eta audio baten bidez eman zen jakitera, eta Euskal Herriaren alde borrokan jarraitzeko deia egin zuten.

ETAren agiria.
ETAren agiria.

«Erdietsi nahi dugun fase historiko berri horren mesedetan hartu dugu, beraz, azken erabakia. ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da». ETAren amaiera jasotzen duen esaldia da, erakundearen azken agirikoa, gaur bost urteko kaleratu zuten. Audio bat ere zabaldu zuten, eta ahotsa Marixol Iparragirrek eta Josu Urrutikoetxeak jarri zioten. Herriz herri egindako batzarren bidez eman zuten erabakiaren berri, baita komunikabideetan zabaldutako mezuaren bidez ere.

Agiriak jasotzen zuenaren baitan, hiru ondorio nagusi zituen erakundearen desegiteak: batetik, ETAk bere egiturak desegin zituela; bigarrenik, ETAk agente politiko izateari utzi ziola – aurretik borroka armatua utzi eta armagabetu ondoren –, eta azkenik, desegiteaz geroztik, ETAko militanteak ez direla ETAko kide jasotzen zuen agiriak, beste esparru batzuetan askapen prozesuarekin borrokan jarraituko zutela adieraziz. 

Fase politiko berrira egokitzeko helburua izan zuen erakundearen  mezuak, eta Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko deia barnebiltzen zuen agiriak.


Aurrekariak eta ondorenak
Apirilaren 8an burutu zuten armagabetzea, Bakearen Artisauen eta gizarte zibilaren laguntzarekin. Eta Maiatzaren 3an kaleratu zuen Euskadi Ta Askatasuna erakundeak bere azken agiria, eta ondoren, maiatzaren bostean Kanbon egin zen nazioarteko ordezkaritzen aitortza.