GAUR8

Hazkuntzarekin lotutako esperientziak trukatu eta laguntza sarea sortzeko programa Zuian

Zuian hazkuntzaren inguruko esperientziak trukatzeko eta laguntza sare bat sortzeari begirako gunea sortu dute, hemendik abendura bitartean hainbat saio izango dituena, eta loa, erditzea, edoskitzea, gurasoen rola edota familia kontziliazioa bezalako gaiak jorratuko dituena.

Haurren hazkuntzari buruzko programak hainbat saio izango ditu gai ezberdinetara dedikatuta.
Haurren hazkuntzari buruzko programak hainbat saio izango ditu gai ezberdinetara dedikatuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zuiako Udalak ‘Familiak eta hazkuntza programa’ jarri du abian, hazkuntzaren inguruko esperientziak trukatzeko eta laguntza sare bat osatzeari begira. Zaintzak eta errutinak, erditzea eta erditze ondokoa, edoskitzea, mugak, gurasoen rolak eta familia-kontziliazioa izango dira espazio horretan jorratuko diren gaietako batzuk.

Ekimen honen bidez herritarren eskaera bati erantzun nahi zaio, Gorbeialdeko Kuadrillako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-planaren helburuen barruan ere kokatzen den lan ildo bat aktibatuz, Zuiako Udalak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera.

Abian jarri den ‘Hazkuntza taldea’ horren bitartez, familien topagune eta elkar trukerako gunea eskaini nahi du Berdintasun zerbitzuak.

Taldeak antolatu dituen saioetan, loa, eskolatzea, edoskitzea, zainketak eta errutinak, erditzea eta erditu ondokoa, mugak, gurasoen rolak edo familia-kontziliazioa bezalako gaiak jorratuko dira.

Saioak ekainaren 5ean hasiko dira eta abendura arte luzatuko den programa baten baitan egingo dira: ekainaren 23an, irailaren 18an, urriaren 1ean, 6an eta 16an, azaroaren 20an eta abenduaren 15ean. Jardunaldiak Zuiako Udaletxean izango dira, 17.30ean hasita.