GAUR 8
Gaur X urte

‘Jurassic Park’: «Inoiz sortu den abentura zinematografiko handienetako» baten 30. urteurrena

‘Jurassic Park’ filmak 30 urte bete ditu, baina Steven Spielbergen film honek ez du bere freskotasuna galdu; are gehiago, klasikoa bihurtu da. Orduko efektu bereziek gaur egungo beste superprodukzio handi batzuen parekoak dira.

Spielberg gazte bat, errodajean.
Spielberg gazte bat, errodajean. (NAIZ)

1993eko ekainaren 11an estreinatu zen AEBn ‘Jurassic Park’, frankiziaren lehena eta, kritikoen iritziz, onena. Michael Crichton idazlearen ‘Jurassic Park’ eleberrian oinarrituta, nobela argitaratu zenetik istorio hau pantailara eramateko gai izango zen zinemagile bakarra zirudien, ‘Hollywoodeko Midas’ izenez ezaguna egin dena: Steven Spielberg.

Kathleen Kennedy ekoizleak orain gutxi aitortu duenez: «Stevenek zuzendu beharreko proiektu horietako bat zen. Haren ibilbidea hurbiletik jarraitzen baduzu, konturatuko zara beti saiatu dela jende arruntari gertatzen zaizkion ohiz kanpoko gertakariak kontatzen».

«Parke tematiko baten eta zoologiko baten arteko bidegurutzea da gune hau–Spielberg beraren hitzetan–. Dinosauroak hil eta milioika urtera gizakiok haiek berriz bizitzara itzultzen ditugu, hori da abiapuntua, eta horrek zein ondorioak ekarriko ditu?». Zinemagilea liluratuta zegoen Crichtonen liburuak planteatzen duen dilema moralarekin: «Sor ditzakegu izaki klonikoak, baina hori onargarria al da?».

Filmaren grabaketa Kalifornia eta Hawaien artean egin zen, eta zen erraza suertatu –Iniki urakana pairatu zuen, besteak beste–. Protagonistak: Richard Attenborough, Sam Neill, Jeff Goldblum eta Laura Dern. Teknikoki erronka handia izan zen; esaterako, doinua sortzeko DTS soinu digitalen enpresa sortu zuen Spielberg berak.

Abenturen filmen generoan klasikoa bihurtu zen ‘Jurassic Park’ filmea, noski. 30. urteurrena ospatzeko, Legok set-multzo berri bat aurkeztu du, 1993an argitaratutako filmeko eszena enblematikoenetako batzuk gogoratzeko. Eta Floridako (AEB) Universal Orlando parke tematikoak «inoiz sortu diren abentura zinematografiko handienetako bat» ospatuko du urtean zehar.