GAUR8
Gaur X urte

Gaur 94 urte beteko lituzke Anne Frankek

1929ko ekainaren 12an jaio zen Anne Frank. 15 urte zituela hil zen Bergen-Belsen kontzentrazio esparruan eta ezagun egin zen familiarekin ezkutuan egon zen bitartean idatzitako egunerokoa dela eta.

Anne Frank eskolan, 1940an.
Anne Frank eskolan, 1940an. (Wikimedia Commons)

Annelies Marie Frankek 94 urte beteko lituzke gaurko egunez. 15 urterekin zendu zen, ordea, naziek Bergen-Belsen kontzentrazio esparruan zeukatela. Alemaniar judua zen eta naziengandik ezkutatuta zegoen bitartean idatzi zuen egunerokoak egin zuen ezagun urte batzuk geroago.

Frank Frankfurt hirian jaio zen 1929ko ekainaren 12an. Familia judu erreformista zen eta Hitlerren alderdiak hiriko udal hauteskundeetan gehiengoa lortu ondoren Herbereetara ihes egin zuten, Amsterdamera. 13 urte bete zituenean oparitu zioten eguneroko ezaguna eta egun horretan bertan hasi zen idazten.

Hitlerren boterea handitzen ari zela eta, Franken aita ezkutaleku bat prestatzen hasi zen kudeatzen zuen enpresaren atzeko aldean, 50 metro karratu ingurukoa, eta atea liburu apal baten atzean ezkutatuta zeukana. 1942ko uztailaren 5ean Franken ahizpak Amsterdameko Juduen Emigraziorako Unitate Zentraleko dei bat jaso zuen, berak zein senide guztiek lan-eremu batera joan behar zutela esanez. Ondorioz, ezkutalekuan sartu ziren laurak.

Oinez egin zuten bidea, juduek debekatuta baitzeukaten garraio publikoa erabiltzea, eta soinean ahalik eta arropa gehien zeramatela, maletarik gabe ihes egiteko. Ezkutalekua Fritz Pfeffer dentistarekin eta Van Pels familiarekin partekatu behar izan zuten eta tirabirak sortu zituen horrek, espazio eta intimitaterik eza zela eta.

Bi urte eman zituzten ezkutuan, 1944ko abuztuaren 4an atxilotu zituzten arte. Auschwitzera eraman zituzten lehenengo eta gero hainbat kontzentrazio esparrutan banatu zituzten. Franken aita baino ez zen bizirik atera eta Anne Frank 1945eko martxoan hil zen, tifusak jota. Ezkutuan egon ziren bitartean lagundu zietenek egunerokoak jaso eta Franken aitari eman zizkioten. 1947an argitaratu zuten lehen edizioa.