GAUR8

Arrasateko III. Pandero Jaialdia ospatuko dute igandean Amaia antzokian

Estilo ezberdinetako bost proposamen bilduko dira igandean Arrasateko Pandero jaialdian: Sine Die, Ojaluna, Erromintxelak, Irati, Araitz, Elaia eta Mirari laukotea eta Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña duoa. Sarrerak salgai jarrita, zenbait zertzelada eman dituzte jaialdiak izango duen giroa marrazteko.

Irudian, Sine Die, Pandero Jaialdiko kartela zabaltzen duen taldea.
Irudian, Sine Die, Pandero Jaialdiko kartela zabaltzen duen taldea. (Pandero Jaialdia)

Gonbidatu-sorta berezia prestatu du Arrasateko Pandero jaialdiaren hirugarren edizioak igande honetarako. «Aukerak aztertu eta pentsatu ondoren, aukeraketa berezia egin dugu», azaldu dute antolatzaileek Sine Die taldeak zabalduko duen egitarauaren inguruan, eta hainbat zertzelada eman dituzte estilo ezberdinen erakusle diren proposamenez.

Sine Die Xabier Zabala akordeoi joleak eta Igor Torre biolin joleak sortutako musika proiektua da. «World music, folk musika eta euskal musikak osatutako errepertorioa» eskaintzen dutela azaldu dute, duten «eszenaratze zaindua eta moldaketa ikusgarri eta dibertigarriak» nabarmenduz.

Ojaluna da edizio honek dakarren beste proposamenetako bat. Musika tradizionala berreskuratzeko proiektuan diotenez, «gure ondarea helaraztea» da helburua, eta eskura dituzten musika tresnen erabileraz gain, melodietan ahotsari ematen dioten garrantzia azpimarratu dute.

Erritmo frenetikoak

Aurtengo gonbidatuen artean Erromintxelak taldea dago. 2021. urtean Arrasaten sortutako gipsy swing taldea da. «Instrumentu akustikoen blues-a inprobisatuz ikusleak dantzan jartzen» dituen taldea dela nabarmendu dute, eta «beraien erritmo frenetikoek» entzulea «XX. mendeko Parisko burdel eta kasinoetara» garraiatzen dutela aurreratu dute.

Hiru talde horien ondoan, Irati, Araitz, Elaia eta Mirari laukote gaztea gonbidatu du Pandero jaialdiak. Plazetan ezagutu ostean, bata bestearen arerio gisa ere ibiltzen direla zehaztu du antolakuntzak. Pandero jaialdian parte hartzeko batu dira, azaldu dutenez.

Mirari Azkunek eta Aintzane Agirrebeñak osatzen dute edizio honen kartela, «oso bikote ezaguna trikitilarien artean», nabarmendu dutenez. «Pandero jaialdiko bikoterik tradizionalena dela esango genuke, betiko trikitixa gehien gerturatzen den bikotea», aurreratu dute.

Jaialdiak musikari hauen lana ezagutzeko eskaintzen duen aukera azpimarratu dute antolatzaileek, eta Udala, Ibai Arte dendarien elkartea EiTB (‘Oholtzan’ saioan emitituko dute), Euskal Herriko Trikitixa elkartea eta Arrasateko Trikitixa Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoen laguntza eskertu dute.

Izan ere, trikitixa eskolako ikasleak gonbidatu bereziak izango dira sarrerak, jada ‘arrasate.eus’ atarian salgai dituen ekimenean.