GAUR8
Gaur X urte

Duela 95 urte jaio zen Che Guevara

Ernesto ‘Che’ Guevara iraultzaile argentinarra gaurko egunez jaio zen duela 95 urte. Rosario hirian sortu zen eta Latinoamerikako hainbat prozesu iraultzailetan hartu zuen parte. Bolivian hil zuten 1967ko urriaren 9an.

Che Guevara, historian gehien zabaldu den irudian.
Che Guevara, historian gehien zabaldu den irudian. (EUROPA PRESS)

Ernesto Guevara Rosarion, Argentinan, jaio zen 1928ko ekainaren 14an. Che Guevara ezizenez egin zen ezagun eta, iraultzailea, hainbat gerrillaren buruzagia, militarra, Kubako ministroa, medikua, politikaria eta pentsalari ezkertiarra izan zen.

Medikuntza ikasten ari zen garaian Guevarak Latinoamerikan zehar bidaiatu zuen, eta ikusi zituen pobrezia, gosea eta gaixotasunek bere pentsaera markatu zuten. Ameriketako Estatu Batuak Latinoamerikan burutzen ari ziren ustiapen kapitalista borrokatzen lagundu nahi izan zuen eta horrek bultzatu zuen Guatemalako Jacobo Árbenz presidentearen erreforma sozialetan parte hartzera, CIA presidentea kargutik kentzen saiatu zenean.

Geroago, Mexiko Hirian, Raúl eta Fidel Castro ezagutu zituen, eta uztailaren 26ko Mugimendura batu zen, Kubara bidaiatuz Fulgencio Batista Kubako diktadorearen aurka borrokatzeko asmoarekin, Batistaren erregimena kentzeko bi urteko gerrilla kanpainan funtsezko rola jokatuz.

Kubako Iraultzaren ideologo eta komandanteetako bat izan zen, eta estatuaren antolaketa prozesuan ere parte hartu zuen. Besteak beste, Banku Nazionaleko presidentea izan zen, Nekazaritza Erreformarako Institutu Nazionaleko (INRA) Industrializazio Saileko zuzendaria, eta Industria ministroa.

Borroka armatua hirugarren mundu osoan zabaldu behar zela sinetsita, Latinoamerikako hainbat herrialdetan gerrillarien «guneak» jartzea bultzatu zuen. 1965 eta 1967 artean Kongon eta Bolivian ibili zen borrokan. Bertan hil zuten, hain zuzen ere, 1967ko urriaren 9an, 39 urte zituela. Boliviako armadak modu klandestino eta sumarioan atxilotu eta exekutatu zuen, CIArekin elkarlanean.