49 urte bete ditu Itziar Ituño aktore eta abeslariak
1974ko ekainaren 18an jaio zen Itziar Ituño Basaurin. 49. urtemuga du gaur, beraz, aktore eta abeslari ezagunak. Besteak beste, ‘Goenkale’ eta ‘La casa de papel’ telesailetan egindako lanagatik da ezaguna.
Gaur dira 49 urte Itziar Ituño aktore eta abeslaria jaio zela. Basaurin jaio eta hazitakoa da eta ezagun egin dute ‘Goenkale’ eta ‘La casa de papel’ telesailetan egindako lanek, beste askoren artean. Ingot rock taldean ere ari da abeslari lanetan.
Txikitan ez zuen euskararik ikasteko aukerarik izan eta nerabezaroan hasi zen AEKn euskalduntzen. 14 urterekin hasi zen Basauriko antzerki eskolan, afizio bezala, eta Soziologia ere ikasi zuen EHUn. Aktore gisa profesionalki aritu baino lehen ikastola bateko jantokian eta Fagor enpresan egin zuen lan.
Aktore lanak antzerkian hasi bazituen ere, ‘Goenkale’ telesailak eman zion fabrikako lana uzteko aukera eta bertan ibili zen 15 urtez Euskal Herrian ospetsu bilakatuz. Bitartean, hainbat film egin zituen, hala nola ‘Izarren argia’ 2010ean edo ‘Lasa eta Zabala’ 2014an.
Ituñok, ordea, oztopoak izan ditu bere ibilbidean zehar. ‘La casa de papel’ telesailean parte hartu zuenean, bere aurkako boikota bultzatu zuten batzuek, aktorea euskal preso politikoen sakabanaketaren aurka agertu zelako eta inoiz EH Bildu alderdiaren alde hitz egin izanagatik. Edonola ere, telesaila arrakastatsua izan da espainiar estatuan zein haren mugez harago eta mundu osoan ospea ekarri zion horrek Ituñori.
Horren ostean, ‘Errementari’ filmean parte hartu zuen 2017an eta baita ‘Irati’ pelikulan ere. Aurten estreinatu dute azken hau eta euskaraz egin den filmik arrakastatsuenetarikoa izan da.