GAUR8
Gaur X urte

Gaur 60 urte ahoskatu zuen John Kennedyk 'Ich bin ein Berliner' esaldi ospetsua

1963ko ekainaren 26an eman zuen hitzaldia AEBetako presidenteak Mendebaldeko Berlinera egindako bisitan, Berlingo harresia eraiki eta bi urtera. 'Berlindar bat naiz' esaldiarekin, Kennedyren asmoa zen Mendebaldeko Alemaniari, eta, bereziki, berlindarrei babesa adieraztea.

John Kennedy AEBetako presidentearen garaiko argazki bat.
John Kennedy AEBetako presidentearen garaiko argazki bat. (Wikipedia)

Gaur 60 urte bete dira John Kennedy AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak ‘Ich bin ein Berliner’ (Berlindar bat naiz) esaldi ospetsua ahoskatu zuela Mendebaldeko Berlinera egindako bisitan. 1963ko ekainaren 26an eman zuen hitzaldia Kennedyk, Berlingo harresia eraiki eta bi urtera. Garai hartan Mendebaldeko Berlin herrialde komunisten blokearen barnean zegoen, eta Berlingo harresiak hiria bitan banatzen zuen.

Esaldi horrekin, AEBetako presidentearen asmoa zen Mendebaldeko Alemaniari, eta, bereziki, berlindarrei babesa adieraztea. Hitzaldi hori Kennedyk bere ibilbide politikoan eskainitako onenen artean sailkatu ohi izan dute, Gerra Hotzeko momentu nabarmenetakoen artean ere badago.

Diskurtsoak bederatzi minutu inguru iraun zituen, eta honela hasi zen: «Orain dela bi mila urte esaldirik loriatsuena ‘civis Romanus sum’ zen (Erromako hiritar bat naiz). Gaur egun, askatasunaren munduan, esaldirik loriatsuena ‘Ich bin ein Berliner!’ da... Gizon aske guztiak, edonon bizi direla ere, Berlingo hiritarrak dira, eta, hortaz, gizon aske gisa, ‘Ich bin ein Berliner!’ hitzetaz harro nago».

Bukaeran ere, esaldi bera errepikatu zuen Kennedyk. AEBetako presidentearen diskurtso hura Mendebaldeko Berlingo harresiarentzat babes moral garrantzitsutzat jotzen da.

Kennedy 1961 eta 1963 urteen artean izan zen AEBetako presidente, eta agintaldian zegoela, atentatu batean hil zuten.