GAUR 8
Gaur X urte

Gaur 120 urte Tourreko lehen edizioa hasi zen

1903ko uztailaren 1ean ekin zioten garaiko txirrindulariek Frantziako Tourreko lehen edizioari. 120 urte hauetan asko aldatu da bai lasterketa, bai antolakuntza, baita joko arauak ere. Maurice Garin txirrindulari frantsesak irabazi zuen, eta garai hartan liderrak eskuko berdea eramaten zuen, maillot horia jantzi ordez.

Frantziako Tourreko lehen edizioko ibilbidea.
Frantziako Tourreko lehen edizioko ibilbidea. (Wikipedia)

1903ko uztailaren 1ean eman zioten hasiera Frantziako Tourreko lehen edizioari. Gaur 120 urte bete dira geroztik, eta historian bigarren aldiz lasterketa Euskal Herritik abiatuko da. 120 urte hauetan asko aldatu da bai lasterketa, bai antolakuntza, baita joko arauak ere.

Besteak beste, lehen edizioan bakarrik sei etapa ziren, baina askoz ere luzeagoak, eta txirrindulariek ez zituzten zertan etapa guztiak korritu behar. Hori bai, sailkapen nagusirako nahitaezkoa zen denetan parte hartzea.

Tourreko lehen edizioa L’auto-Velo egunkariak babestu zuen –L’equipe-n aitzinekoa–, egunkariaren zabalkuntza areagotzeko asmoz. Ibilbidea Henri Desgrange egunkari horretako zuzendariak egin zuen: sei etapa, eta guztira 2.428 kilometro.

Oraingo etapetako lasterketekin alderatuta, garaikoak oso luzeak ziren; 400 kilometrokoa zen bataz besteko distantzia –2004ko Frantziako Tourrean 171 kilometrokoa izan zen batez bestekoa–. Etapak hain ziren luzeak, lehena ez beste guztiak egunsentia baino lehen hasi zirela. Esaterako, azken etapan txirrindulariek gaueko 21.00etan ekin zioten lasterketari.

Txirrindulariek etapa bakoitzaren ondoren bizpahiru egun izaten zituzten atseden hartzeko. Etapak ia denak lauak ziren; bigarrena kenduta, mendikoa izan zela. Ez zegoen talderik, bakoitzak bere kasara korri egiten zuen. Bitxikerien artean, txirrindulariek korritzeko tasa bat ordaindu behar zutela: hamar libera sailkapen orokorrean lehiatzeko eta bost etapa bat korritzeko.

Maurice Garin Frantziako Tourreko lehen edizioko irabazlea. (Wikipedia)


Lehen edizioa Maurice Garin txirrindulari frantsesak irabazi zuen. Lehen etapan gailendu eta lider jarri zen, eta postu horri eutsi zion amaierara arte. Azken bi etapak ere irabazi zituen, eta bigarren sailkatuari hiru orduko aldea atera zion. Lehen edizioan liderrak eskuko berdea eramaten zuen, maillot horia jantzi ordez.

Lehen edizio hori egin ondotik, L’auto-Velo-k egunkariaren hedapena sei aldiz handitu zuen, eta hurrengo urtean bigarren edizioa egitea egokitzat jo zuten.