Nerea Goti

Meatzaritzaren iraganera hurbilduko da GAUR8 ‘Gertuko planak’ sail berrian

Paisaia ederrek inguratzen dute Zugaztieta, izugarria da Gallartan oraindik ikusgai dagoen azken meategia... baina zer gehiago du kontatzeko meatzaitzaren iraganak? Lara Lopezek eta Juanjo Zarragak lagundu digute ‘Gertuko Planak’ sailaren lehen bidaian.

Meatzaldera joango da GAUR8 larunbat honetan, ‘Gertuko planak’ sail berriari hasiera emateko. Datozen asteetan, udan hurbil ditugun esperientzia horietako batzuei helduko diegu, kasuaren arabera, bizipenek, historiak edo paisaiek hitz egiten diguten hori partekatzeko.

Hasierako honetan, Gallartan egingo dugu lehen geldialdia, meatzari eta siderurgiako langile talde batek sortutako Euskal Herriko Meatzaritza Museoan. Handik Zugaztietara joan gara Lara Lopez museoko gidaria eta Juanjo Zarraga Periko Solabarria Elkarteko presidentearekin.

Iraganerako bidaia horretan, meatzarien bizimodua gogoratu dute garaian lo egiteko erabiltzen zituzten barrakoietako baten aurrean, baita beranduago erabili zituzten etxe bat ezagutu ere. Diputazioak berreskuratutako etxebizitza bat ikus daiteke bertan, baita langileen estatusaren arabera erabiltzen zituzten etzalekuak ere.

Baina paisaiak ez du dena kontatzen, historia osatzen duten istorio txiki eta handiak azalera ez badira ateratzen. Orain meategi handi bat ikusten den tokian Gallarta izeneko herri bat zegoen, burdinaren zain batek desagertzera kondenatu zuena.

Paisaia horretara begira, oraindik osorik kontatu ez den historia oso baten zertzeladak eman dituzte iragan hori gertutik ezagutu dutenek. Etxean entzundako istorioez, aitortza izan ez duten pertsonaiez eta ondarearen ondoan, beharrezko ebaluazioa eta birgaitzeaz hitz egiten duten mezuak utzi dituzte.