‘Egin’ eta Egin irratia itxi zituzten duela 25 urte
Gaur mende laurdena betetzen da ‘Egin’ itxi zutenetik, Egin irratiarekin batera. Baltasar Garzonen aginduz itxi zuten komunikabidea eta bertako kideak atxilotu eta kartzeleratu.
«Egin ixten ez ginela ausartuko uste al zenuten?», bota zuen Turkiatik orduko Espainiako presidente Jose Maria Aznarrek. Ausartu ziren ordea, sanferminak bukatu berritan, gaur bezalako egun batean, 1998ko uztailaren 15ean, Baltasar Garzonen aginduz itxi zituen Poliziak ‘Egin’ egunkaria eta Egin Irratia, eta haren arduradunak atxilotu zituen.
Hamaika pertsona atxilotu zituen gau hartan poliziak, eta beste 20 bat auzipetuko zituen hurrengo hilabeteetan. ‘Egin’ egunkaria eta Egin irratia kudeatzen zituen enpresa administrazio judizialpean jarriak izan ziren, eta auzipetuak 18/98 makrosumarioaren baitan epaituak. Gehienek zigor gogorrei egin behar izan zieten aurre, 4 urtetik 24 urte bitarteko espetxe zigorrei, hain zuzen ere.
2009an Espainiako Auzitegi Gorenak zigorrak ia erdira jaitsi zituen eta bertan behera utzi zituen ‘Egin’en editorea zen Orain S.A enpresaren aurkako neurri judizialak. Hala eta guztiz ere, espetxe zigorrak osorik bete zituzten zigortuek, eta azken presoa 2018an utzi zuten aske. Jabier Salutregi orduko zuzendaria da horren adibide, ekainean zendu berria.
Itxieran proiektu bideragarria zen ‘Egin’, ogasunarekin zuen zorra negoziatua zuen, errotatiba modernoa martxan eta erredakzio nagusia Hernanin. Polizia erredakzioan sartu eta hamarkada batez administrazio judizialpean egon ostean, ‘Egin’en ondasunak hondamendi hutsa izan dira orain dela gutxi arte, literalki.
Espainiak ‘Gara’ri exijitu zion ‘Egin’ek zeukan zorra, eta hiru milioi euro ordaindu behar izan zituen bidegabeki.