GAUR8

Gazteen boluntariotza lanak Trapagaranen, aisialdi konbentzionalari alternatibak sortzeko

Trapagaranen, abian jarri dute ‘Gazte Auzolandegiak’ izeneko programa. Boluntariotzan oinarrituta, Bizkaiko haibat herritako 20 gaztek jarduera ezberdinak egingo dituzte aisialdi konbentzionalaren aurreko alternatibak eskainiz.

‘Gazte Auzolandegiak’ programako partaideak Trapagaranen.
‘Gazte Auzolandegiak’ programako partaideak Trapagaranen. (Traparango Udala)

Uztailaren 31tik abuztuaren 14ra, Bizkaiko herri ezberdinetako hogei gazte boluntario arituko dira Trapagaranen ‘Gazte Auzolandegiak’ programan. Gizarte proiekzioko lana da egingo dutena, eta horren barruan Meatzalde Goikoa Parkea berregokitzen eta aisialdiko jarduerak egiten arituko dira.

Udalak Lakuako Gobernuarekin elkarlanean bultzatutako programaz zehaztu dute goizean landa-lanak izango direla taldearen betebehar nagusia, eta arratsaldean hainbat jarduera egingo dituztela inguruan, «hala nola, risoterapia tailerrak, gynkanak, bisitak museoetara, pintxo tailerrak eta txangoak hondartzara edo mendira».

Aisialdi konbentzionalari «modu sortzaile eta partekatuan» alternatiba bat bilatzea da ekimenaren helburua. Landa eremuak ezagutzea, talde-bizitzako esperientzia izatea eta jatorri ezberdinetako pertsonekin kulturak eta ohiturak trukatzea dira ekimenak bilatzen dituen beste bizipen batzuk.

Era berean, proiektuak bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea eta kulturarteko ikaskuntzaren balioak sustatzeko tresna izan nahi du.

Miguel Angel Gomez Viar Trapagako alkateak nabarmendu du gazteek memoria historikoa berregokitzeko duten konpromisoa, eta Meatzalde Goikoa Parkean egingo duten lana azpimarratu du, memoriaren belaunaldi transmisioan duen balioagatik.