GAUR8

EHU buru duen ikerlan batek bakterio bat fluoreszente eta kontraste bikoitzeko agente bihurtzen du erresonantzietan erabiltzeko

Diagnostiko klinikorako erresonantzietan bakterio bat fluoreszente eta kontraste bikoitzeko eragilea bihurtzea lortu du EHUko ikertzaileek gidatzen duten azterlan batek. Bakterio magnetotaktikoak nanorobot gisa erabiltzeko duten potentzialtasuna nabarmendu dute.

Lucia Gandarias eta Mª Luisa Fernandez-Gubieda EHUko Magnetismo eta Material Magnetikoen taldeko ikertzaileak, irudian.
Lucia Gandarias eta Mª Luisa Fernandez-Gubieda EHUko Magnetismo eta Material Magnetikoen taldeko ikertzaileak, irudian. (Javier ROJO | EHU)

EHUko Magnetismo eta Material Magnetikoen taldeak gidatutako ikerketa batek bakterio bat diagnostiko klinikorako erresonantzia magnetikoetarako fluoreszente eta kontraste bikoitzeko eragile bihurtzea lortu du.

Unibertsitateak jakinarazi duenez, ikertzaileek propietate magnetikoengatik ezaguna den bakterio baten zenbait ezaugarri aldatzea lortu dute, eta «diagnostiko klinikoko agente itxaropentsu» bihurtu dute.

«Bakterioaren hazkuntza-inguruneari metalezko elementuak gehitzean (terbioa edo gadolinioa), bakterioa integratu eta fluoreszente edo kontraste dualeko agente bihurtzen da, erresonantzia magnetikorako oso erabilgarria», azaldu du.

«Iparrorratz gisa» jarduten dute

EHUko Magnetismo eta Material Magnetikoen taldeak hamarkada bat baino gehiago darama bakterio magnetotaktikoekin lanean. Bakterio urtar talde horrek magnetita-kristalak sintetizatzen ditu bere ingurune naturalean (burdin mineral bat), eta «iparrorratz gisa» jarduten dute. «Bakterio horiek lurraren eremu magnetikoaren lerroetan orientatzea eta nabigatzea ahalbidetzen dute», zehaztu dutenez.

Lucia Gandarias Albaina ikertzaileak azaldu du «bakterio horien berezko funtzionaltasunek oso interesgarriak egiten» dituztela eremu klinikorako, «nanorrobot gisa erabiltzeko behar diren ezaugarri guztiak baitituzte».

«Lan askok frogatu dute bakterio magnetotaktikoak praktika desberdinetan erabiltzeko duten ahalmena, hala nola hipertermia magnetikoan (minbiziaren aurkako terapia bat), farmakoen eramaile gisa eta erresonantzia magnetiko bidezko irudietarako kontraste-agente gisa», azpimarratu du.

Hala ere, bakterio horiek «aldatzeko errazak ez diren» zailtasunak dituzte. «Bere ezaugarri interesgarriek berez dituzte, baina ez da erraza funtzionalitate berriak sartzea», adierazi du ikertzaileak.

Azaldu duenez, ildo horretan jarraitzen den estrategietako bat hazkuntza-ingurunea substantzia jakin batzuekin aberastea eta bakterioetan duen eragina ikustea da.