GAUR8
Gaur X urte

Olivia Newton-John abeslari eta aktorearen heriotzaren lehen urteurrena

Abeslari moduan 100 milioi diska baino gehiago saldu zituen, munduko kantari arrakastatsuenetariko bat bilakatuz, baina Euskal Herrian "Grease" zinemako musikal ospetsuaren protagonista izateagatik da batez ere ezaguna, John Travoltarekin batera bikotea osatuz.

Olivia Newton-John, artxiboko irudi batean.
Olivia Newton-John, artxiboko irudi batean. (Georges BENDRIHEM | AFP)

Olivia Newton-John aktorea eta abeslaria 2022ko abuztuaren 8an hil zen Kalifornian, Santa Barbara konderrian. Cambridge hirian, Ingalaterran, jaioa 1948ko irailaren 26an, australiarra zela esan daiteke, bost urte zituela joan zelako familiarekin Australiara bizitzera.

Abeslari moduan 100 milioi diska baino gehiago saldu zituen, munduko kantari arrakastutsuenetariko bat bilakatuz, baina Euskal Herrian "Grease" zinemako musikal ospetsuaren protagonista izateagatik da ezaguna, John Travoltarekin batera bikotea osatuz.

Abeslari gisa hastapenak institutu garaian egin zituen, "Sol Four" izeneko emakumezkoen taldean. Bere lehen albuma, "If Not For You", 1971an grabatua, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zen eta arrakasta ertaina izan zuen.

Abeslari ibilbideko beste bultzada 1974an Erresuma Batua ordezkatu zuen Ingalaterrako Brighton hirian egin zen Eurovision jaialdia izan zen. "Long Live Love" abestia interpretatu zuen, eta laugarren postuan geratu zen. Irabazlea Suediako ABBA taldea izan zen «Waterloo» abestiarekin.

Urte hartan bertan, "If You Love Me, Let Me Know" hirugarren albuma atera zuen eta jada arrakasta handia lortu zuen, album-zerrendetako lehen postuetara iritsiz.

Bere ibilbidean bost aldiz lortu zuen bere abestiak salmenta-zerrendetan sartzea. Horietako bat "Physical" izan zen, hamar astez egon zena. Lau Grammy sari ere irabazi zituen.

Aktore moduan, bere lan ezagunena 1978an estreinatu zen "Grease" musikalean egin zuen, Sandy Olsson pertsonaia gorpuztuz. John Travoltarekin osatu zuen bikotea mito zinematografiko bilakatu zen.

Eta ibilbide profesionalarekin batera, aipagarria da Olivia Newton-Johnen aktibismoa esparru desberdinetan. Adibidez, Japonian, 1978an, kontzertu-bira bat bertan behera utzi zuen arrantza-sareetan harrapatutako izurdeen sarraskiaren aurka protesta egiteko. 1979ko Music for UNICEF izeneko kontzertuan ere parte hartu zuen. Edota 1991n, Colette Chuda / CHEC ingurumen-funtsaren bozeramaile bihurtu zen.

1992an detektatu zioten lehen aldiz bularreko minbizia, eta 2012an eta 2017an berriz tratamendua jaso behar izan zuen. Terapia naturalak jarraitu zalea izan zen, haien aldeko aldarrikapena ere egin zuen, baina azkenean 2022ko abuztuaren 8an hil zen Kalifornia hegoaldeko bere etxean 73 urte zituela.