Gaur 17 urte 170 pertsona hil ziren Ukrainan, hegazkin istripu batean
2006ko abuztuaren 22an hegazkin istripu larria gertatu zen Ukrainan. Errusiako hegaldi bat zen, Anapatik San Petersburgoko Pulkovora zihoana. Bidean lurra jo zuen Ukrainako Donetsen. Bertan zihoazen 170 lagunek bizia galdu zuten.
2006ko abuztuaren 22an, 15:39etan (Moskuko ordua), Pulkovo Aviation Enterprise konpainiaren 612 hegaldiak istripu larria izan zuen. Bidaiarien hegaldi errusiarra zen, Anapako aireportutik abiatu eta San Petersburgoko Pulkovoko aireportua zuen helmuga. Baina hegazkina Donetskeko Obasten erori egin zen, Ukraina ekialdian, Errusiako mugatik gertu. Hegazkinean zeuden 170 pertsonak hil egin ziren.
160 bidaiari eta tripulazioko 10 kide zeuden hegazkinean. Bidaiarien artean, 115 helduak ziren eta 45 hamabi urtetik beherako haurrak. Helduen artean, zortzik 60 urte baino gehiago zituzten (tartean 92 urteko emakume bat, bere biloba, haren emaztea eta bi birbilobarekin hegan egin zuena). Bidaiari gehienak oporretatik bueltan zetozen familiak ziren, seme-alabekin bidaiatzen zutenak.
Gerora konpainiako arduradunek esan zutenez, «Pulkovo Airlinesen hegaldia Anapatik abiatu zen programatutakoaren arabera. Beharrezko mantentze-lan guztiak irteera baino lehen eskatutakoaren arabera egin ziren». Aireontzia 1992an fabrikatu zuten eta 25.000 orduko hegaldia zuen egina. Istripua gertatu zenean, 14 urte eta 6 hilabete zituen hegazkinak. Pilotua eta tripulazioko kideak ere eskarmentu dezente zuten profesionalak zirela nabarmendu zuten.
Istripuaren arrazoiei dagokionez, ekaitz elektrikoak izan ziren hegalditik gertu eta badirudi aireontzia zurrunbilo larriko eremu batean sartu zela. Lekukoen arabera, goitik behera zuzen-zuzen erori zen hegazkina eta erorketaren ondoren sute larria gertatu zen. Ezinezkoa zen handik inor bizirik ateratzea. Zaila izan zen biktimak identifikatzea.
Abiazioko Estatu arteko Batzordeak (IAC edo MAK), istripuaren gora-beherak ezagutu ondoren, hegaldi-segurtasuneko gomendioak eman zituen ekaitz elektrikoetan sartzea saihesteko, aireontziaren kargan eta kanpoko airearen tenperaturan oinarritutako gehieneko altueraren muga guztiak jarraitzeko eta pilotuen gaitasuna hobetzeko egoera horietan lan egiten duenean.