Gaurko egunez 1946an, ‘Gaztelu’ futbol jokalaria jaio zen Bergaran
Agustin Aranzabal Askasibar Realeko jokalari ohi bergararra gaurko egunez jaio zen 1946. urteko abuztuaren 23an. 20 urterekin debutatu zuen Realean, eta 308 alditan jantzi zuen elastiko txuri-urdina, 1966tik 1981era. Agustin Arantzabal Realeko jokalari ohiaren aita zen.
Jose Agustin Aranzabalek (Bergara, 1946) 1966an debutatu zuen Realarekin, talde txuri-urdinak Lehen Mailarako igoera lortu baino urtebete lehenago. 1970eko hamarkadan taldeak bizi izan zuen eraldaketan ezinbesteko jokalaria izan zen bergararra.
1976an Realak eta Athleticek derbi gogoangarria jokatu zuten Atotxako futbol zelaian. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar kapitainek ikurrina atera zuten, politikoki oihartzun handia izan zuen keinu sinbolikoa. Gaztelu partida hartako protagonistetako bat izan zen; partidaren atarian Jose Luis Orbegozo presidenteak Brillantezko Intsignia eman zion taldean hamar urte egin zituela ospatzeko eta partidan golegilea izan zen. Realak 5-0 irabazi zuen eta Gazteluk bi gol egin zituen.
1979-1980 denboraldian, Realak 38 partidu jarraian egin zituen galdu gabe, baina liga txapelketak ihes egin zion, Sevillaren kontra galdu ondoren. 1981ean erretiratu zen Gaztelu eta erretiratu aurreko azken denboraldietan Realeko talde lehiakor hartako kapitaina izan zen. Hamalau denboralditan, 252 partidu jokatu zituen Lehen Mailan eta 28 gol egin zituen. Ligako, Kopako eta UEFAko partiduak gehituta, guztira, 308 partidutan jantzi zuen elastiko txuri-urdina, eta 32 gol egin zituen. Espainiako selekzioaren elastikoa bitan jantzi zuen.
2020ko abenduaren 30ean zendu zen Gaztelu. Bere heriotzak samina eragin zuen futbolzaleen eta herrikideen artean.