1983ko uholdeen une larrienak, gaur 40 urte
Datuen dantza egon arren, guztira 50 bat hildako eragin zituen Euskal Herrian abuztuaren 25ean ekialdetik sartu zen ekaitzak. Bizkaia izan zen herrialde kaltetuena, baina Lapurdin eta Araba iparraldean ere ondorio latzak utzi zituen.
1983ko uholdeen irudirik lazgarrienak gaur 40 urte ikusi ziren, batez ere Bizkaian, baina baita Euskal Herriko beste leku batzuetan ere. Guztira 39 hildako eta 8 desagertu egon ziren, eta kalte ekonomikoak 200.000 milioi pezeta ingurukoak izan ziren (1.200 milioi euro inguru).
Urte hartako abuztua euritsua izaten ari zen, baina inork ez zuen espero abuztuaren 25ean Gipuzkoatik sartu zen ekaitzak halako ondoriorik utziko zuenik hurrengo orduetan. Ekaitza Bizkaian sartu ahala gero eta euri gehiago bota zuen, sekulako uholdeak sortuz.
Irudi ezagunenak Bilbokoak dira. Hiria jaietan murgilduta zegoen, Arriaga inguruak txosnez beteta, eta abuztuaren 26ko gauean Nerbioi ibaiak gainezka egin eta Alde Zaharreko kaleak urez bete zituen. Uraren mailak lau eta bost metroko altuera hartu zuen kale batzuetan, autoak eramanez eta hainbat etxetako beheko solairuak urez betez.
Iturrigorri auzoa (Peñascal) izan zen beste gune kaltetuena, bertan zegoen harrobian ur kantitate handia pilatu zelako eta hura lehertzean kolpetik sekulako ur emaria etorri zelako auzoan behera.
Baina hildakoei dagokienez, ondorio larrienak Etxebarrin eta Galdakaon izan zituzten. Galdakaon, esaterako, Ibaizabal ibaiaren ondoan zegoen etxe bat eraman zuen urak, barruan sei pertsona zeudela.
Araban, iparraldean batez ere, eta Lapurdin ere kalte handiak eragin zituzten uholdeek.