GAUR8

Itsasadarraren inguruko lanbideak eta bizimoduak, Punta Begoñan eta Itsasmuseumean ikusgai

Punta Begoñako Galerietan eta Itsasmuseum Bilbaon ‘Nerbioi Itsasadarra. Mareen arteko bizitza’ erakusketa dago ikusgai urriaren 8ra arte, lanbide, bizimodu, lekukotasun eta istorioen zeharreko bidaia memoria bizia aldarrikatzeko.

Abrako bistak Punta Begoñako galerietatik.
Abrako bistak Punta Begoñako galerietatik. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urriaren 8ra arte ‘Nerbioi Itsasadarra. Mareen arteko bizitza’ erakusketa egongo da ikusgai Punta Begoñako Galerietan eta Bilboko Itsasmuseumean.

Itsasadarraren inguruan izandako lanbideei bereziki eskainita, argazkiak, dokumentuak, ikus-entzunezkoak eta testigantzak ikus daitezke bertan, garai bateko bizimoduen argazki zabalago bat osatuz. Osagarri gisa, gainera, biista gidatuak egingo dira.

Lanbideez gain «zaletasunak, lehiaketak, jaiak, sinesmenak edota tradizioak» ikus daitezke bildutako artxibo ezberdinen bidez, baita pasadizoak edota istorioak ere, «protagonistekin eta ondare baliotsu hori babesteko borrokan ari diren pertsona eta erakundeekin» egindako elkarrizketetan oinarrituta.

Nabarmendu dutenez, bi leku «estrategiko» aukeratu dira publikoaren aurrean aurkezteko: Abran talaia pribilegiatua diren Punta Begoñako Galeriak eta Bilboko Itsasmuseumeko barruko eta kanpoko espazioak.

Punta Begoñako Galeriek erakusketaren eduki nagusia erakutsiko dute. Aurreratutakoaren arabera, «irudi harrigarriak» eskainiko dituzte, artxibo publiko eta pribatu askotan egindako ikerketa-lan luze baten emaitza direnak, azaldu dute antolatzaileek ohar batean.

Ikus-entzunezko materialak

Itsasadarraren beste puntu estrategiko batean kokatuta, Itsasmuseum Bilbaok aldi berean hartuko du erakusketa, eta «irudiaren benetako arkeologia osatzen duten ikus-entzunezko materialak» eskainiko ditu, azpimarratu dute.

Izan ere, eragile, erakunde, elkarte eta artxibo ugariren arteko lankidetzan sortutako erakusketa dela nabarmendu dute antolakuntzan lankidetzan aritu diren Punta Begoña Fundazioa, Getxoko Udala eta Itsasmuseum Bilbaok. Ekimenak Lakuako Gobernuaren babesa du eta «ondarearen benetako zaindari diren pertsona eta erakundeen laguntza» izan du.

Ignacio Uriarte Punta Begoña Fundazioko presidentearen hitzetan, «gizarte giza batzen gaituen ondarea zaintzeko» eta transmititzeko beharra islatzen ditu erakusketak. Itsasadarren «nortasuna» aipatu du Jon Ruigomezek, eraikitako izaera hori «indartsua baina integratzailea» eta «munduari irekia» dela nabarmenduz.