GAUR8

Suizidioa prebenitzen laguntzeko hitzaldia antolatu du Agifesek

Suizidioaz naturaltasunez hitz egiteko espazioa sortu nahi du Agifesek Errenterian, hurrengo 21ean. Prebenitzea eta lagungarriak izan daitezkeen jarraibideak jarriko dituzte mahai gainean doluan aditu batek eta etxean suizidioaren esperientzia izan duen pertsona batek.

Errenterian izango da hitzaldia, Reina Aretoan.
Errenterian izango da hitzaldia, Reina Aretoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Suizidioaren inguruko mitoak apurtzea eta sufrimendu psikikoa dutenei eta haien ingurukoei zenbait jarribide eskaintzea dira Agifesek Errenterian egingo duen hitzaldiaren helburu nagusiak.

‘Suizidioa, nola lagundu dezaket prebenitzen?’ izenburupean, hitzaldia eskainiko du Agifes elkarteak irailaren 21ean Oreretan. Izaskun Andonegi doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko Bidegin elkarteko presidentea izango da hizlarietako bat. Ondoan, Lurdes Hueta izango du, bere buruaz beste egin duen pertsona baten senide gisa bizitako esperientzia partekatuz.

Gastelaniaz izango da hitzaldia, Reina Aretoan, 19.30etik aurrera. «Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea» izango da, azaldu du elkarteak ohar batean.

«Beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela badakigu», nabarmendu du doluan aditua den Andonegik.

Bidegin elkarteko ordezkariak senideei beharrezko babesa ematearen garrantzian jarriko du fokua, sortzen den traumari aurre egiteko eta estigmekin bukatzeko. Huetok aipatu duenez, «beldurrez eta errundun sentsazioarekin bizitzera eramaten dituen begirada sozial horren presioa» du familiak.

Kazetaritza saria

Bestetik, ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna’ Sarien edizio berri bat jarri du abian Agifesek, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko.

«Buru osasun arazoak dituzten pertsonen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lana nabarmendu nahi dugu, gizarte-sentsibilizazioan fokua jartzeagatik eta estigmaren aurka borrokatzeagatik», zehaztu dute deialdiaren inguruan.