GAUR8

Arratiako 29 enpresak hitzarmena sinatu dute EusGararekin eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko

Arratiako beste bederatzi enpresa atxiki dira EusGara proiektura euskararen erabilera indartzeko, eta dagoeneko 29 enpresa ari dira ekimenean parte hartzen. Zaintza sektorea dago parte hartzaile berrien artean, horrek daukan garrantziarekin, euskara lehen hizkuntza baita eskualdean 65 urtetik gorako herritarren %60rentzat.

Zeanuriko ekitaldia, bat egin duten enpresa berrietako ordezkariekin.
Zeanuriko ekitaldia, bat egin duten enpresa berrietako ordezkariekin. (Errota Fundazioa)

Arratiako 29 enpresak sinatu dute dagoeneko EusGararekin hitzarmena, eskualdean euskara esparru sozioekonomikoan sustatzeko. Sinadura ekitaldia pasa den ostiralean egin zuten Zeanurin, konpromisoarekin bat egin duten eragileen parte hartzearekin.

Piedade Ondo, Arratia Egoitza, Jandoniz, Cementos Lemona, Alinar die casting, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting eta Ekin Eraiketak dira EusGara proiektuarekin bat egin duten firma berriak.

Sei urteko ibilbidea du Errota fundazioak kudeatzen duen EusGara ekimenak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lakuako Exekutiboaren laguntza ekonomikoa dauka.

Nabarmendu dutenez, «lantegietan euskara gehiago erabiltzeko oinarriak» jarri dira, eta horrek euskararen prensentzia handiago bat ekarri du.

«Euskara eremu sozioekonomiko pribatuan sustatzeko planari erantzun dion lehen programa estrategikoa izan zena ari da gero eta gorputz handiagoa hartzen», zehaztu zutenez.

Enpresetan eragiteaz gain, Lanbide Heziketa eta enpresen arteko loturak jorratzen ari gara», azaldu zuen Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Zeanuriko Zulaibar campusean eginiko sinadura ekitaldian.

«Eragina, gero eta eremu gehiagotan»

Dobaranek azpimarratu zuenez, aurten ekimenak adinekoen zaintzara eta landa-garapenera egin du jauzi. «Arratiako bailara oso euskalduna da eta horregatik, ezinbestekoa da euskarak ere presentzia izaten jarraitzea gero eta eremu gehiagotan: etxean, lantokian, turismoan, zaintzan... », erantsi zuen.

Proiektura atxiki diren enpresek EusGarak eskaintzen dizkien doako tresnak izango dituzte eskura, beren enpresetan hizkuntza-kudeaketa egokia egiteko: itzulpen-zerbitzua, hizkuntza-aholkularitza, dirulaguntzen kudeaketa, edo prestakuntza.

Bestalde, zaintzaren lanketaren harira azpimarratu dute aurten Arratiako Zaintza sektore osoak bat egin duela EusGara komunitatearekin. Atal horretan, zaintza norberaren hizkuntzan eskaintzeak duen garrantzia nabarmendu zuten ekitaldian. Emandako datuen arabera, euskara da Arratian 65 urte baino gehiago dituzten herritarren %60ren lehen hizkuntza.