Monbar hoteleko atentatua, GALen odoltsuena
Lau etakide hil zituen GALek Baionako Monbar hotelean 1985ean; GALen inoizko ekintzarik odoltsuena izan zen. Hurrengo egunetan protestak izan ziren Euskal Herri osoan, Gipuzkoan greba orokorra egin zuten lau hildakoak bertakoak zirelako.
1985eko irailaren 25a zen, Baionako Monbar hotela jendez mukuru zegoen, Mexikoko Mundu Txapelketarako sailkapen partidua baitzegoen, Espainiaren eta Islandiaren arteko futbol partidua. Orduantxe sartu ziren GALeko kideak, lau lagun erail zituzten eta bat zauritu: Agustin Irazustabarrena Urruzola, Beltza, 35 urtekoa, Hernanikoa; Jose Maria Etxaniz Maiztegi, Potros, 31 urtekoa, Urretxukoa; Sabin Etxaide Ibarguren, Eskumotza, 28 urtekoa, Zestoakoa; eta Iñaki Asteasuinzarra Pagola, Legrá, 33 urtekoa, Astigarragako semea. Jean Iriart izan zen zauritua, bala batek eskua zulatuta.
Lauak Hego Euskal Herrikoak ziren, Iparraldean errefuxiatuak. Erasotzaileek errefuxiatuak jadanik lurrean izanik, hil zituztela segurtatu zuten tiroz; ondoren jakitera eman zenez, 50.000 franko pagatu zizkieten zauritu bakoitzeko eta 200.000 hildako bakoitzeko. Ihes egiten saiatu ziren, baina gazte batzuk atzetik jarraika hasi eta armak Aturri ibaira bota zituzten, trenera bidean jarraitu zuten. Hiltzaileak Lucien Mattei (41 urte) eta Pierre Frugoli (22 urte) ziren, Marseillakoak eta mafiatik hurbil zebiltzanak, antza.
Bi egun beranduago, irailaren 27an, Gudari Egunaren hamargarren edizioa egin zen; greba orokorra egin zen Gipuzkoan bertakoak ziren eta lau hildakoak, eta «borroka-egunak» egin zituzten gainontzeko herrialdeetan. Liskar ugari egon ziren, batez ere Espainiako poliziarekin eta Guardia Zibilarekin.
Pasartea askok Kortatu musika-taldearen ‘Hotel Monbar’ abestiagatik ezagutuko dute. Fermin Muguruza Baionan izan zen arratsalde hartan bertan, eta Monbar tabernara joan aurretik, hil zituzten iheslariekin batera egon zen beste ostatu batean; bizitakoa gogora ekarri zuen kantuan.