GAUR8

Kanboko Euskal Pastelaren Jaiak 20 urte beteko ditu asteburuan

Kanboko Euskal Pastelaren Jaiak 20. urteurrena ospatuko du asteburuan, errezeta zaharraren tradizioa gordetzen duten hainbat ekoizle eta maitalerekin. Larunbatean eta igandean, pastelaren ondoan euskal elikagaien eta aritsautzaren erakusleiho izango da Lapurdiko udalerria.

Kanboko Euskal Pastelaren Jaia, irudian.
Kanboko Euskal Pastelaren Jaia, irudian. (GAUR8)

Euskal pastelaren maitaleek hitzordu garrantzitsu bat dute asteburu honetan Kanbon. Lapurdiko udalerrian ospatzen den Euskal Pastelaren Jaiak 20 urte bete ditu, eta azokarekin batera lehiatzera deituta daude berriz errezeta onenak.

Ohiko lehiaketarekin batera, tailerrak, ibilaldiak, dastatze saioak, herri bazkaria, artisautza azoka eta herri kirolen erakustaldia ere iragartzen ditu egitarauak.

Tradizioa jarraituz, errezeta gorde nahi duten gozogile eta artisauak bilduko dira Kanbon, nabarmendu dute, «XIX. mendearen hasieratik» udalerriak izan duen pastelaren enbaxadore izaera omentzeko.

Ehun erakusle

Azokak bilduko dituen parte hartzaileen harira zenbait datu aurreratu dute antolatzailek. Ohar batean aipatu dute, adibidez, ehun erakusle inguru izango direla Kanbon, bi egunetan zehar, eta horien artean, besteak beste, Ezpeletako piper ekoizle onenak, Baionako urdaiazpikoa, euskal pastela, ardi gazta, Irulegiko ardoak edota Itxasuko gerezi marmeladak aurkitu ahal izango dira mahaietan.

Artisau belaunaldi berrien presentzia azpimarratu dute, eta kalean egongo den giroa ere nabarmendu dute, musika animazioa izango baita kaleetan, azokaren inguruan, larunbatean eta igandean.