GAUR8

Antzerki festa larunbatean Lezon, Testu Laburren Lehiaketaren final dramatizatuan

Lezoko I. Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren sei lan finalistak ikusi ahal izango dira Lezon, larunbatean, «antzerki festa» izango den ekitaldi batean. Publikoaren bozkek erabakiko dute lan irabazlea.

Xanti Val Kultura teknikaria, Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendaria eta Jon Legorburu Kultura zinegotziairudian.
Xanti Val Kultura teknikaria, Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendaria eta Jon Legorburu Kultura zinegotziairudian. (Lezoko Udala)

Lezoko I. Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren finala egingo dute Lezon larunbatean, eta hitzordua «antzerki festa bikaina» bilakatzeko baliatu dute. Izan ere, irakurketa dramatizatuak eta zuzeneko musika izango duen ekitaldia izango da.

Sei lan dira finalistak deialdira aurkeztutako 18 antzerki testuen artean. Larunbatean, hautatutako lan horiek ikusteko aukera izango da. Herri Eskolako patioan izango da festa, 19.00etatik aurrera, festa giroan, zuzeneko musikak girotuta.

DJ la Brava musikariaren emanaldiarekin hasiko da festa. «Testuen prestakuntza, ordea, ordu batzuk lehenago hasiko dute aktoreek», zehaztu zuen atzo Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak, ekitaldiaren aurkezpenean.

Egun horretan bertan, «15.30ean elkartuko dira lehen aldiz hiru zuzendari (Ander Lipus, Maika Etxekopar eta Olatz Beobide) sei aktoreekin (Eneritz Artetxe, Maryse Urruti, Koldo Olabarri, Idoia Tapia, Kimetz Etxabe eta Raquel Salinas)». «Hauetako hiru eskarmentudunak dira eta beste hirurak gazteak, antzerki eskoletatik atera berriak», aipatu zuen Intxaurragak.

Zuzendari bakoitzari bi aktore egokitu zaizkio eta bikote bakoitzak bina testu irakurriko ditu. Ordubete eta 45 minutuko denbora izango dute testua era dramatizatuan lantzeko. «Testuak zein aktorek irakurriko duen ez dugu jakinarazi nahi, jolas edo emozio hori azken unera arte mantendu nahi dugulako», esan zuten.

Iluntzeko 20.00etan hasiko da testuen irakurketa dramatizatua. Ekitaldia Idoia Hernandez ‘Hatxe’ musikariak lagunduko du musika inprobisatuz, eta festa osoa Miren Gaztañaga eta Xabi Agirrezabala aktoreek dinamizatuko dute.

Lehen aldia Euskal Herri mailan

«Lehen aldia da Euskal Herri mailan era honetako deialdia egiten dena eta jasotako erantzuna aparta izan da: guztira hemezortzi testu labur jaso ditugu, maila handikoak (lezoar batek parte hartu du)», adierazi zuen Jon Legorburu Kultura zinegotziak deialdiaren inguruan. Azpimarratu zuenez, «jende gaztea erakartzeko eta arte eszenikoak barrutik ezagutzeko esperimentua egingo da Lezon larunbatean».

«Gainera, testu guztietan era batera edo bestera Lezo hitza azaltzen da. Udal bezala, herri txiki bezala, plazera da horrelako gauza batean asmatu, hor egotea, eta lehenak izatea. Horri garrantzia eman nahi diogu», nabarmendu zuen.

Publikoak erabakiko du irabazlea

Publikoak erabakiko du zein izango den lan irabazlea. Antolatzaileek azaldu zutenez, talde profesional batek erabaki ditu lan finalistak baina publikoarena izango da azken erabakiaren ardura. Izan ere, lanen zerrenda jasoko duen orria eskuratu ahal izango dute ikusleek puntuazioa jasotzeko. Puntu gehien lortzen dituena irabazlea izango da.

Testu guztiak udal webgunean argitaratuko dira.