GAUR8

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren lehen motor elektrikoa Motostudent lehiaketara eramango dute

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ‘eGIPUZKOA GIE-UPV/EHU’ taldeak bere lehen motor elektrikoa eramango du hurrengo egunetan Teruelera, Alcañizen izango den Motostudent lehiaketara.

Ingeniaritza Eskolako Motostudent taldeko partaideak, irudian.
Ingeniaritza Eskolako Motostudent taldeko partaideak, irudian. (Betariz Estalayo)

EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Teruelen aurkeztuko du bere lehen motor elektrikoa urriaren 11tik 15era Alcañizen izango diren probetan. Orain arte ‘Petrol’ (errekuntza motorrak) kategorian lehiatu da taldea, baina edizio honetan ‘Electric’ kategorian lehiatuko da.

EHUk azaldu du ohar batean, «lurraldean arlo horretan dagoen eskaera» eta «ikasleak esparru horretan trebatzeko beharra» ikusita, mugikortasun elektrikoaren aldeko hautua egin dela, Hogei ikasle, laborategiko hiru teknikari eta sei irakasle baino gehiago aritu dira proiektuan.

Urte eta erdi eman dute motor elektrikoa garatzen. Izan ere, Motostudent lehiaketa bi urtean behin antolatzen da eta probak heldu aurretik arlo teknikoko zenbait entrega egin behar izaten dituzte taldeek. Izan ere, motorraren alderdi teknikoen eta segurtasun alderdien banakako probak gainditu beharko ditu prototipoak hurrengo egunetan, igandean lasterketarekin amaitu aurretik.

Kostu handiko egitasmoa

Egitasmoa garatu ahal izateko arlo ekonomikoak duen garrantzia azpimarratu du EHUk. Zehaztu duenez, «mota horretako ibilgailu bat diseinatzeak, fabrikatzeak, muntatzeak eta programatzeak eragin dezakeen kostua 70.000 euro baino gehiagokoa» da. Arlo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lakuako Gobernuaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesaz eta Etorkizuna Eraikiz ekimenetik sortutako Mubil mugikortasun adimendun eta jasangarriko poloa izan da babesle nagusia.

«Aukera bikaina da ikasleek ingeniaritzako benetako egoera eta arazoei aurre egin diezaieten; izan ere, parte hartzaileek beren kabuz diseinatu eta ekoitzi behar dute motozikleta elektriko baten prototipoa, eta industria proiektu bat aurkeztu behar dute, diseinatutako motozikleta etorkizunean eraikitzeko alderdi guztiak kontuan hartuko dituena, eta, halaber, aplikatutako berrikuntza nagusia deskribatu», adierazi du Guillermo Garcia irakasleak.