GAUR8

‘Blas Cabrera’ Ikerketa saria jaso du Angel Rubio EHUko irakasleak

Gobernu espainoleko Zientzia Ministerioak ematen duen ‘Blas Cabrera’ saria jaso du Angel Rubio EHUko Materialen Fisikako katedradunak, egoera solidoaren fisika konputazionalean eta materialen propietate berrien nanoeskalan burututako ikerketagatik.

Angel Rubio, EHUko Materialen Fisikako katedraduna.
Angel Rubio, EHUko Materialen Fisikako katedraduna. (UPV/EHU)

Angel Rubio EHUko Materialen Fisikako katedradunak ‘Blas Cabrera’ saria jaso du. Estatu mailako saria Zientzia Fisikoen, Materialen eta Lurraren arlokoa da eta Gobernu espainoleko Zientzia Ministerioak ematen du.

Bere «aparteko ibilbidea eta bikaintasun zientifikoa» goraipatzen du sariak, eta egoera solidoaren fisika konputazionalean egin dituen lanak nabarmentzen ditu bereziki, «materialen propietate berriak nanoeskalan» eta «berrikiago materialen ez-oreka fase berrien» ataletan burututako lana aipatuz.

«Rubioren lanaren aurrerapen kontzeptualek eta metodologikoek eraldatu egin dute materialen zientzia konputazionala, eremu berriak zabaldu dituzte ikerketa esperimentalean eta bultzada eman diote propietate berriak dituzten materialen garapenari», azpimarratu dute saridunaren ibilbidearen inguruan.

Saria «jakin-nahiak duen boterearen eta fisikarekiko pasioaren froga» dela adierazi du Angel Rubiok, eta «aurkikuntza harrigarriak» egiteko bidean ondoan duen ikasle eta ikertzaile taldearen lana goraipatu du.

Alemaniako Leopoldina Zientzia Naturalen Akademiako kidea da Rubio, beste zientzia erakunde ugariren artean. Izan ere American Physical Society-ko ikertzailea ere bada, eta ohorezko ikertzailea Simons Foundations Flatiron Instituten, zerrenda luze baten bi aipatzearren. Era berean, hainbat sari jaso du bere karrera zientifikoagatik EHUko katedradunak.