GAUR8

Gazteen arretaren gabeziak aztertuko ditu Agifesek hilaren 17an, buru osasunari buruzko jardunaldian

Gazteen buru osasunaren arretan dauden gabeziak aztertuko ditu Agifesek hainbat ahots bilduko dituen topaketa batean. Hilaren 17an izango da Donostiako udaletxean. Erakundeetako ordezkariez gain adituek ere parte hartuko dute eta esperientzia pertsonalak entzun ahal izango dira.

Agifesen hitzaldia iragartzen duen kartela.
Agifesen hitzaldia iragartzen duen kartela. (Agifes)

Buru osasunean, gazteen arretak dituen gabeziak aztertuko dituzte urriaren 17an Donostian Agifes elkarteak antolatutako jardunaldian, 18.00etatik aurrera. Izan ere, urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna hemendik aurrera gazteen errealitatean ardaztea erabaki du elkarteak.

Errealitate horren erakusle diren EAEko datuak ekarri ditu gogora: «15 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik batek dio antsietate edota depresio sintomak dituela».

Ideia edo jokabide suizidek eragindako ospitaleratze psikiatrikoen gorakada nabarmena ere aipatzen du. «2015etik 2020ra bitartean, 29 urtetik beherako 76 pertsona hil ziren beren buruaz beste egiteagatik edo euren buruari eragindako lesioengatik», adierazi du. Zehaztu duenez, zifra hori «aldi horretan gertatutako suizidio guztien %7,5 da. Gainera, guztizko suizidio kopuruak %10,2 egin du gora. 2015ean, 167 izan ziren, eta 2020an,184».

Mahai inguru formatua izango du hitzorduak eta ahots ugari bilduko ditu, arazoa lehen pertsonan azalduko duten lagunena barne. Donostiako udaletxean izango da topaketa, eta esan bezala, eragile ezberidnak bilduko ditu. Izan ere, Nerea Melgosa Lakuako Gobernuko Gizarte Gaietako sailburua, Txaro Rodrigo Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusia eta Marije Idoeta Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia izango dira bertan.

Era berean, lehen pertsonan azalduko du bere bizipena Mikel Sarmientok, eta lekukotasun pertsonala ere emango du Jaione Mujikak, senide gisa hitz egingo duneak. Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoak eta Eider Zuaitz Iztueta Andoaingo Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrak parte hartuko dute mahai inguruan.