GAUR8

‘Arnasetik’ ekimenaren II. edizioa abiarazi dute, gazteek hizkuntza-ohiturei buruz hausnar dezaten

‘Arnasetik’ bideo lehiaketaren edizio berria jarri du abian UEMAk. Herri euskaldunetako haur eta gazteei zuzenduta, hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa bultzatu nahi du Lakuako eta Nafarroako gobernuen babesa duen ekimenak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatzen du ‘Arnasagara’ .
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatzen du ‘Arnasagara’ . (Jon URBE | FOKU)

Arnasa Gara ekimenak 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ‘Arnasetik’ bideo lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Parte-hartzaileen sormena pizteaz gain, gazteen hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa sustatzea du helburu.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik gogorarazi dutenez, Arnasa Gara UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta Lakuako eta Nafarroako Gobernuek elkarrekin bultzatutako ekimena da, eta ‘arnasguneen’ garrantzia sozializatzea du helburu, euskaldun dentsitate handia duten udalerriek «hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia azpimarratuz».

Hori dela eta, ‘Arnasetik’ lehiaketa udalerri euskaldun horietako ikastetxeetako ikasleei edo horietatik datozen ikasleak dituzten ikastetxeei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek banaka edo taldean egin ahal izango dituzte lanak, lagunekin edo ikaskideekin.

Lehenengo edizioan bezala, aurten ere hiru kategoria zehaztu dira adinaren arabera. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek beren herriak nolakoak diren, horietan zer egin daitekeen eta euskara ikasteko edo maila hobetzeko zergatik diren egokiak azaldu beharko dute. Kategoria honetako lanak promozio-bideo baten bidez edo formatu librean aurkeztu ahal izango dira (marrazkiak, poemak, bertsoak, bideoak, abestiak).

Euskalkien balioa

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beren herrietako euskararen adierazpen berezienetan jarri beharko dute arreta, eta umorezko bideo baten bidez azaltzen saiatu beharko dute. Ariketa honen bidez, ‘arnasguneetan’ entzun daitezkeen euskalkiei balioa eman nahi zaie, «euskararen aniztasuna agerian utziz».

Azkenik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek bideo bat sortu beharko dute «euskal kultura, bere musika eta esparru euskalduna osatzen duten ekimenak» balioesteko, antolatzaileek azaldu dutenez.

Kategoria bakoitzak 500 euroko saria izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, 2.000 euro guztira. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Landen, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITBko Goazen! eta Irabazi arte! sailetako merchandisingean trukatu ahal izango da.

‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren sari banaketa azaroaren 22an izango da Zarauzko Modelo aretoan. Parte hartzen duten gazteek urriaren 24a baino lehen entregatu beharko dituzte beren sormen lanak.