GAUR 8
Gaur X urte

40 urte Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituztenetik

Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan desagertu zirenetik 40 urte bete dira gaur. GALek bahitu zituen, modu basatian torturatu zituzten eta, hil ondoren, kare bizian lurperatu zituzten.

Lasa eta Zabalaren omenezko murala Baionan, bahitu zituzten lekuan.
Lasa eta Zabalaren omenezko murala Baionan, bahitu zituzten lekuan. (GAUR 8)

Gaur dela 40 urte, 1983ko urriaren 16an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazte tolosarrak bahitu zituen GALek Baionan. Guardia Zibilaren Donostiako La Cumbre jauregiko instalazioetan bortizki torturatu eta Alacantera eraman eta hil zituzten, bertan gorpuak kare bizitan ehortziz.

1983an, Lasa eta Zabala Ipar Euskal Herrian bizi ziren, Baionan, Errefuxiatuen Batzordearekin harremanetan. Asilo politikoaren eskaerak izapidetzen ari ziren bitartean, bizileku-baimen bana ere eskatu zuten, eta hainbat denboralditarako eman zizkieten.

Urriaren 15etik 16rako gauean, Lasa eta Zabala Baionako aparkaleku batera zihoazen, lagun batek utzitako autoa hartu eta Arrangoitzeko festetara joateko asmoz. Lagun honek etxeko leihotik Joxi eta Joxean ilunpetan nola zebiltzan ikusi zuen. Beste inork ez zituen bizirik ikusi, hil arte torturatu zituztenak izan ezik.

GALeko kideek bahitu eta Intxaurrondoko (Donostia) Guardia Zibilaren kuartelean atxiki zituzten. Galindo jeneralaren aginduei jarraituz, La Cumbre jauregira eraman zituzten, eta han bortizki torturatuak izan ziren.

Ondoren Aguas de Busotera (Alacant) eraman zituzten, Lasa eta Zabala beren hobia zulatzera behartu zituzten, eta hiru tiro eman zizkieten buruan. Ondoren, kare biziz estalita lurperatu zituzten.

1985eko urtarrilean aurkitu zituzten gorpuzkiak, baina identifikatu gabe egon ziren 1995era arte, nahiz eta 1985eko lehen autopsian torturatu izanaren zantzuak agertu.

Gorpuzkiak Euskal Herriratu zituztenean, Hondarribiko aireportuan eta ehorzketan Ertzaintzak senideei eraso egin zien.