GAUR8

Berdintasunaren inguruko ikerlan onena aukeratzeko argitalpen lehiaketa jarri du abian Emakundek

Berdintasunari buruzko ikerketa lanei zuzendutako argitalpen lehiaketa abiarazi du Emakundek. Balioen aldaketa eta zientzian eta teknologian emakumeen posizionamendua aldatzeari begirako azterlanak daude «lehentasunezko» gaien artean, besteak beste.

Mugimendu feministaren mobilizazio bat, artxiboko irudian.
Mugimendu feministaren mobilizazio bat, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Emakunde EAEko Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanen hamaikagarren argitalpen lehiaketa antolatu du. Lanak aurkezteko epea abenduaren 29an amaituko da.

Gogoratu duenez, lehiaketaren bidez, bizitzaren hainbat eremutan genero harremanak eta desberdintasunak eragiten dituzten kausak hobeto ezagutzeko lan bat aukeratzen da urtero. Ikerketari ikusgarritasuna ematea da saria, Emakundek argitaratu eta bere webgunean zabaltzen baitu. Gainera, ikerketen emaitza berdintasun politiken jardunbide egokia izan daiteke.

Deialdian lehentasunezko gai batzuk nabarmentzen dira: balioak aldatzea, batez ere haurren eta gazteen arloetan; zientzia, teknologia eta berrikuntzan (hezkuntzakoak, akademikoak, enpresakoak) emakumeen posizionamendua hobetzeko estrategiak; antolakunde sozioekonomikoetan aldaketak egitea, ekoizpen eta ugalketa eremuetan oreka handiagoa lortzeko; emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa.

Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 29an bukatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garatu izanaren baldintzak bete behar dituzte. Eduki gehiena argitaragabea izan behar da, eta hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin egin.