GAUR8

Mendia protagonista izango da Sopelan asteburuan, Muñarrikolandaren 25. urtemugan

Itsasoari begiratzen dion Sopelan mendiarekiko pasioa izango da protagonista asteburuan, Muñarrikolanda Mendi Klubaren 25. urteurrenaren ospakizunekin. Ostiraletik igandera, pasioa erakusten duten proiekzioak dira protagonistak.

Altuerako asteburu bat Sopelan, mendizaleentzako.
Altuerako asteburu bat Sopelan, mendizaleentzako. (Conny BEYREUTHER | FOKU)

«Altuerako» asteburua iragartzen dute Sopelan, «mendiarekiko pasioz» beteriko jarduerak ekarriko dituena, Muñarrikolanda Mendi Klubaren 25 urteurrenaren ospakizunen barruan.

Ostiralean abiaraziko da egitaraua Mendi Tour jaialdiarekin. «Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria da, eta Kurtzio Kultur Etxera itzuliko da 2023ko denboraldiarekin», aurreratu dutenez,

Saioak 20.00etan hasiko dira, eta 2022ko abenduko Mendi Filmetik hautatutako bost ikus-entzunezko ikusi ahal izango dira, «adrenalina, mendia, abentura, muturreko kirola eta natura» bezalako osagaien nahasketa eskainiz.

Gidoien, irudien eta soinu banden maila nabarmendu dute. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak eskuragarri egongo dira Kurtzio Kultur Etxean eta Sopelako Udalaren webgunean.

Larunbatean, Urrezko Pioletak jaso zituen Silvia Vidal eskalatzaile katalanak ‘Sinkrnia magikoa’ hitzaldia eskainiko du 20.00etan. Cerro Chileno Grande mendiaren mendebaldeko aurpegira egindako lehen igoeraren irudiak ikusi ahal izango dira solasaldian.

Gogoratu dutenez, irrati, GPS, mugikor eta eguraldi iragarpenik gabe osatu zuen igoera, «munduak pandemiari aurre egin behar ziola jakin gabe».

Luis Miguel Eguiluzeren ‘Vida normal’ dokumentalarekin itxiko da asteburua eta urtemugaren inguruko ospakizunak igandean. Azken proiekzio eta solasaldi bat, «egunerokotasuna eta osasun arazo kontaezinak alpinistaren pentsaeratik nola gainditu» ikusteko.