GAUR8

Kanpai-hotsen esanahia Iurretan, eta baserriko lanabesak Mallabian, ondareari eskainitako asteburuan

Ondare inmaterialaren transmisioari dedikatutako jardunaldien barruan, bi hitzordu berri antolatu ditu Gerediaga Elkarteak astebururako. Iurretan kanpai-deien esanahia aztertuko dute zapatuan, eta Mallabian, baserriko lanabes zaharrak eta horien erabilera erakutsiko dute.

Kanpai-hots bakoitzak duen esanahia azalduko dute Iurretan.
Kanpai-hots bakoitzak duen esanahia azalduko dute Iurretan. (Gerediaga Elkartea)

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, bi hitzordu antolatu dituzte Durangaldean asteburuan, Gerediaga Elkarteak antolatuta.

Lehen proposamena zapaturako da, eta Iurretan kokatzen da, Aita San Migel plazan. Kanpai-hotsak izango dira protagonistak. Izan ere, doinu bakoitzak mezu bat dauka, esanahi zehatza, eta herri askotan galdu da informazio hori.

Gaur egun kanpai-hots ezberdinak bereiztea zail egiten zaigun arren, «Iurretako adinekoek ondo gogoan dute zer albisteren berri ematen zuen eskuz jotako kanpai hots haietako bakoitzak». Ezagutza horren transmisioa egitea izango da ekitaldiaren helburua.

Horretarako, kanpai-dei ezberdinak zuzenean entzungo dira, eta bakoitzaren esanahia azalduko da. Iurretako kanpai nagusiaren historia ere jorratuko da. Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Eñaut Aiartzaguena gidatuko dute erakustaldia, eta horri bukaera emateko tostadak dastatzeko aukera izango da. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da programa.

Baserriko tresna zaharrak

Ondare inmaterialarekin lotutako bigarren hitzordua, Mallabian izango da, domekan. Mugarzak, Justo Azagirrek eta Jesus Mari Uribelarreak idatzitako ‘Baserriko lanabesak, tresnak, eta trepetxuek. Iraganeko bizimodu baten lekuko’ liburuan oinarrituta, lanabes batzuen bilduma egongo da ikusgai, eta tresna horien erabileraren inguruko erakustaldia egingo dute Mallabian.

Erakusketa eta hitzaldia Elizalde plazan izango dira, 12.30ean, ezagutza gordetzeko aukera paregabea eskainiz. Gerediagak nabarmendu duenez, «gaur egun askok ez baititugu ezagutu ere egiten lehen egunero erabiltzen ziren tresnak».