GAUR8

Olarizun Pedro Uribe-Echebarria Lehen Jardunaldi Botanikoak antolatu dituzte

Botanikaren tradizioa, oraina eta etorkizuna jorratuko duten lehen jardunaldi botanikoak antolatu dituzte Olarizun, Pedro Uribe-Echevarria botanikariaren izena hartuz. Bisita gidatuak eta eztabaida foroak daude proposatutako jardueren artean.

Olarizuko parke botanikoa, artxiboko irudia.
Olarizuko parke botanikoa, artxiboko irudia. (Juanan RUIZ | FOKU)

Urriaren 26tik 29ra Jardunaldi Botanikoak antolatu dituzte Olarizun. Arabako Natura Zientzien Museoak, Olarizuko Lorategi Botanikoak eta Arabako Natur Institutuak eta Alavesiak antolatuta.

Pedro Uribe-Echebarria botanikari arabarraren izena hartu dute lehen jardunaldi botaniko hauek, eta mota askotako jarduerak proposatzen dituzte, bisita gidatuetatik hasita txangoetaraino, eztabaida forotik igarota, besteak beste.

Hilaren 25ean, jardunaldien atarian, gaiarekin lotutako ekimen bat antolatu dute. Izan ere, Natura Zientzien Museoan ‘Pedro Uribe-Echebarria. Landareei izena jartzen zien gizona’ erakusketa zabalduko dute egun horretan.

Ostegunean, hilaren 26an, eztabaida foro batekin abiatuko dira jardunaldiak. Olarizuko Etxaldean (Olarizuko Lorategi Botanikoa), izango da, 9.00etan, eta euskal botanikaren oraina eta etorkizuna jorratuko dute. Foro horretan, Hego Euskal Herriko botaniko guztiak bilduko dira.

Bisita gidatuak eta ibilbide didaktikoa

Arratsaldean, bisita gidatua egingo da ‘Pedro Uribe-Echebarria. Landareei izena jartzen zien gizona’ erakusketara, Alavesia Arabako Natur Zientzien Museoaren Lagunen Elkartearen eskutik.

Ostiralean, beste bisita gidatu bat izango da eguneko ekitaldi nagusia, 18.00etan, abiatuko da VIT herbarioa ezagutzeko, VIT herbarioaren kontserbatzaileen (Arabako Natura Zientzien Museoa) eskutik.

Larunbat goizean, bisita gidatuak egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Olarizuko Lorategi Botanikora, eta landare bizikorren bildumak eta germoplasma bankua izango dira solasaldiaren protagonista nagusiak.

Azkenik, igandean, ibilbide botaniko-didaktikoa egingo da Arabako Lautadan eta Arabako Mendialdean zehar edo Arabako Haranetan eta trantsizioko mendietan zehar. Irteera 9.00etan izango da Olarizuko Lorategi Botanikoaren Infogunetik (Olarizu hiribidea), Arabako Naturaren Institutuaren eskutik.