GAUR 8
Gaur X urte

1962aren urria: mundua gerra nuklearraren atarian

Kubako misilen krisiaren testuinguruan, 1962ko urriaren 22an, John F. Kennedy AEBetako presidenteak lehen aldiz publikoki hitz egin zuen Kuba uhartearen inguruan blokeoa eta «itsas hesia» ezartzeaz.

Misilak ezarritako tokietako baten argazkia.
Misilak ezarritako tokietako baten argazkia. (WIKIPEDIA)

1962aren urrian mundua gerra nuklearraren atarian egon zen hainbat egunez. AEBek misil sobietarrak Kuban antzeman zituztenean erasotzeko prestatu ziren eta erasotzear egon ziren behin baino gehiagotan. Isilpeko hitzarmen diplomatikoak saihestu zuen gatazka.

1959. urtean Kubako Iraultzak Batistaren diktadurari amaiera eman zionetik, AEBek Kubarekiko etsaitasunez jokatu zuten, uhartean zituzten interesak galduta ikusi baitzituzten. Gainera, mehatxu ideologiko zuzena ikusten zuten AEBek, Kubak Amerika osoari adibide arriskutsua erakusten ziolako.

Eisenhower presidente estatubatuarrak enbargo komertzial partziala jarri zuen martxan eta Habanarekin harreman diplomatikoak hautsi zituen. Aldi berean, Iraultzaren kontrako talde armatuak finantzatzeari ekin zion. Bahia de Cochinoseko inbasioak porrot egin eta Fidel Castrok 1961ean Kuba estatu sozialista izendatu ondoren, John F. Kennedy AEBetako presidenteak 1962an Kubarekiko merkataritza harremanen gaineko erabateko bahitura ezarri zuen

Halabeharrez, Kubak Sobietar Batasunarekin estutu zuen harremana.

Gauzak horrela, eta arma atomikoen lasterketan AEBak nagusitzen ari ziren garai horretan eta Moskuk Kuban misil balistikoak zabalduz erantzun zuen.

1962ko urriaren 22an, Kennedy AEBetako herriari zuzendu zitzaion 17 minutuko telebista-mezu batekin. Han, lehen aldiz publikoki hitz egin zuen Kuba uhartearen inguruan blokeoa eta «itsas hesia» ezartzeaz. Neurri hori betetzeko, AEBetako gerra-ontzi eta -hegazkinak hedatu ziren Karibe Itsasoan urriaren 23tik aurrera, aire- eta ontzi-blokeoa gauzatzeko.

Tentsioak goia jo zuen hurrengo egunetan. Azkenean, Lewellyn Thompson SESBen enbaxadore ohiak Kennedyri irtenbide bat eskaini zion orduan: misilak Kubatik kentzearen truke, AEBek uhartea ez zutela inbadituko. Turkiako misilak kentzeko konpromisoa ere hartu behar zuen Washingtonek, baina kasu honetan isilpean. Kennedy eta Khrustxoven arteko konfiantzan eta hitzezko konpromisoan soilik oinarritu behar zen.